Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herzog, Jacques

Suitzar arkitektoa (Basilea, 1950). Zurichen egin zituen ikasketak. Aldo Rossi eta Dolf Schnebliren ikasle izan zen, eta ikasketak amaituta, bigarrenaren estudioan lan egiten hasi zen laguntzaile gisa. Hurrengo urtean, Pierre de Meuronekin batera, bere estudioa sortu zuen: Herzog & de Meuron Architecture Studio. Urte horretan bertan, handik aurrerako bere lanetan izugarrizko eragina izango zuen artista bat ezagutu zuen: Joseph Beuys. Irakasle gonbidatu eta hizlari gisa lan egin zuen Harvardeko Unibertsitatean, Pierre de Meuronekin batera, 1989an, eta Tulane Unibersityn, Nueva Orleansen, 1991n. 1987an Berlingo Akademie der Kunste akademiaren saria irabazi zuen, bere arkitektura lan oparoarengatik. Herzog & de Meuron ospe handiko enpresa bihurtu zen 1995ean, Londresko Banskide Power Station indar etxea erakustoki bihurtzeko Tate Galleryk antolatu zuen lehiaketa irabazi ondoren. Lan nagusiak: harrizko etxea Tavolen, Italian (1982-1988); etxe bat harresi batean Hebeltrasseko patioan, Basilean (1984-1988); Antipodes I ikasleen egoitza Borgoinako Unibertsitatean, Dijonen (1991-1992); arte bilduma pribatu baterako galeria, Munichen (1991-1992); seinaleen dorrea, Basilean (1992-1995).