Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herzog, Chaim

Israeldar politikaria (Belfast, Ipar Irlanda, 1918 - 1997). 1935ean, familiak Palestinara emigratu zuen. Zuzenbide ikasketak egin zituen, Jerusalemen, eta Cambridge eta Londresko unibertsitateetan. Bigarren Mundu Gerran, britainiarren gudu orga bateko buru izan zen, eta geroago, britainiar espioi zerbitzuarena Alemanian. Gerra bukatu zenean, Palestinan, juduen espioi zerbitzuko kide izan zen. Haren aita, Isaac Halevy Herzog, Israelgo rabi nagusi izendatu zuten 1948an, Israelgo estatu berria sortu zenean. 1954-1962 bitartean, militarren espioi zerbitzuko buru izan zen. Gero, negozio pribatuetan lan egin zuen. Irrati esatari gisa, arrakasta handia izan zuen bere azterketa militar eta politikoengatik, batez ere Israelgo Sei eguneko gerran (1967) eta Yom Kipur gerran (1973). 1975ean Israelgo enbaxadore izan zen Nazio Batuetan. 1981ean, Alderdi Laboristako kide gisa, Legebiltzarrerako hautatu zuten. Israelgo lehendakari izendatu zuten 1983an eta 1988an.