Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hernández, Miguel

Espainiar olerkaria (Orihuela, 1910 - Alacanteko kartzela, 1942). Familia pobrean sorturik, laborari lanetan jardun behar izan zuen txikitatik. Hori dela eta, guztiz autodidakta izan zen bere ikasketetan. 1934an Madrila joan eta 27ko belaunaldiko poetekin harremanetan sartu zen. 1935an Pablo Neruda eta Vicente Aleixandre ezagutu zituen. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean Errepublikaren zerbitzuan jarri zen; gerra bukatutakoan preso hartu zuten eta Alacanteko kartzelan hil zen tuberkulosiak jota. Miguel Hernándezen obran inspirazioaren indarra eta arte motarik zorrotzena, herriaren oldarra eta teknikarik pentsatuenak biltzen dira. Hasierako Perito en lunas (1934) poema liburuan orduko gongorismoaren jarraitzaile gisa ageri da. 1936an argitaraturiko El rayo que no cesa (Etenik ez duen tximista) obrarekin bere bidea aurkitu zuen; metafora barrokoa bere-berea duen indarrarekin landua agertzen da lan horretan. Gehienbat sonetoz moldaturiko obra horretan bere betiko gaiak lantzen ditu: amodioa, bizitza, heriotza. Errepublikaren aldeko bere jarrerak poesia konprometitua idaztera bultzatu zuen: Viento del pueblo (1937, Herri haizea). Cancionero y romancero de ausencias (1938-1941) kartzelan onduriko liburuan emaztearenganako eta semearenganako amodioaz mintzo da, hurbiletik bizi zituen beste zenbait gairekin nahastuta, hala nola presoaren egoera eta gerraren ondorioak. Miguel Hernández, bestalde, antzerkigintzan ere aritu zen: Quién te ha visto y quién te ve (1934) auto sakramentala Calderónen modura; El labrador de más aire (1937), Lope de Vegaren antzerkiaren ildotik; Teatro en la guerra (1937), frontean antzezteko pieza laburrak.