Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hernandez Abaitua, Mikel

Euskal idazlea (Gasteiz, 1959). Euskal Filologian lizentziaduna eta Batxilergoko Institutuko katedraduna euskal hizkuntzan eta literaturan. 1979an “Susa” aldizkariaren sorreran parte hartu zuen Josu Landa eta Iñaki Uriarekin batera. Bere ibilbide literarioa 1981ean hasi zen, Donostia Hiria saria irabazi zuenean. Hurrengo urteetan bi ipuin bilduma argitaratu zituen, Panpinen erreinua (1983) eta Ispiluak (1985), literatura fantastikoaren barruan kokatuak. 1991n bere lehen eleberria idatzi zuen, errealitateari lotuagoa, ETAko kide bat eta ETAk mehatxatutako irakasle bat baitira kontakizuneko protagonista nagusiak: Etorriko haiz nirekin?. 1994an gaiaz aldatu eta literatura eta rockari buruzko azterlan bat argitaratu zuen: Literatura eta rock and rolla. Gero, beste ipuin bilduma bat argitaratu zuen, Bazko arrautzak (1995), eta kontakizun laburren bilduma bat, Ahotsak (1996), Euskal Herriko indarkeria politikoa gaitzat harturik, berriz ere. 2001ean bere bigarren eleberria argitaratu zuen, gai beraren inguruan: Ohe bat ozeanoaren erdian. Protagonista nagusia unibertsitateko irakasle bat da, Euskal Herriko indarkeria egoeraz aspertuta Italiara joatea erabakitzen duena.