Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grasshoff, Fritz

Alemaniar idazlea (Quedlinburg, 1913 -Hudson,  1997). Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Cellen bizi izan zen hogei urtez. 1983an, Hudsonera (Kanada) emigratu zuen. Barku kapitain baten semea zen, eta bere obran oso nabarmena da itsasoarekiko zaletasun eta maitasun hori, portuetako taberna zuloetako giro zantarrean bertan ere. Haren poemei halako aire triste bat darie beti, halako deitore kutsu bat. Halunkenpostille obrak –kritikaria eta moralista– eman zuen ezagutzera. Estilo horri eutsi zion, baita ere, Graßhoffs unverblümtes Lieder und Lästerbuch (1965, Grasshorff-eko abestien eta bizioen liburu metaforarik gabea) obran. Urtebete lehenago, Die klassische Halunkenpostille (1964, Arloteen deboziozko liburu klasikoa) argitaratu zuen. 1950eko eta 1960ko hamarraldietan, egonaldi luzeak egin zituen Suedian. Han idatzi zituen bere Neue Gedichte (1956, Poema berriak). 1980an, bere lehen eleberria argitaratu zuen, Der blaue Heinrich (Endrike urdina), gerra ondoko merkatu beltzaren giroan kokatua.