Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gravi, Claudia

Zairetar antzezlea (Boma, 1945). Lehen ikasketak burutu ondoren, Bruselara joan zen, eta interpretazio ikasketak egin zituen han. 1965ean Espainara joan zen, eta han bizi da harrezkero. 1965ean bertan bi filmetan parte hartu zuen: Acteón eta Un vampiro para dos (Banpiro bat birentzat). Hurrengo hiru urteetan arte dramatikoko ikasketak egin zituen Madrilgo Teatro Estudion. 1969an Prana eta Fortunata eta Jazinta filmetan lan egin zuen, eta Historias de la frivolidad (Fribolitatearen historiak) grabatu zuen telebistarentzat. Urte hartan Espainiako herritartasuna hartu zuen. Beste film askotan parte hartu: ¿Es usted el asesino? (1970, Zeu zara hiltzailea?, Ibáñez Menta); Los nuevos españoles (1974, Espainiar berriak); Madrid, Costa Fleming (1975, José María Forqué); La espuela (1976, Ezproia, Roberto Fandiño); La criatura (1978, Izakia, Eloy de la Iglesia); Soldados (1978, Soldaduak, Alfonso Ungría); Miedo a salir de noche (1979, Gauez irteteko beldurra, Eloy de la Iglesia); Corazón de papel (1981, Paperezko bihotza). 1984an Australian izan zen, haurrentzako bi telebista sailetan parte hartzen: Ibar sekretua eta Iheslarien uhartea. Hurrengo urteetan antzerki lanak egin zituen –El castigo sin vergüenza (Lotsarik gabeko zigorra), Cinco Lorcas cinco (Bost Lorca bost)…– eta telebista sail askotan parte hartu zuen: Páginas de sucesos (Gertaeren orrialdeak), El joven Picasso (Picasso gaztea)