Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grappelli, Stéphane

Jazzeko biolin-jotzaile frantsesa (Paris, 1908 - Paris, 1997). Biolinaren doinua jazz musikan arrakastaz txertatu duen musikari bakarretakoa. Parisko Kontserbatorioan biolina jotzeko teknika klasikoa ikasi zuen, baina jazz musikako diskoak entzun zituen orduko, erabat aldatu zuen bere jotzeko moldea. 1930eko hamarraldian, kontzertuak emateaz gainera, zenbait abesti grabatu zituen –Frantziako ereserkiaren jazz bertsio bat eta guzti–, Django Reinhardt gitarra-jotzailearekin batera: “jazz libre”-ko inprobisazioak jotzen zituzten, estilo hori musika joera independentetzat ezagutua izan baino hogeitabost urte lehenago. Grappellik osaturiko boskotea Frantziako ospetsuenetako bat izan zen. Garai hartako musikari hoberenekin jo zuten, hala nola Joséphine Baker, George Gershwin eta Louis Amstrongekin. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Frantzia eta Britainia Handiko klubetan lan egin zuen, eta 1968an, Estatu Batuetan jo zuen lehenengo aldiz, Newport Jazz Festival jaialdian.