Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Grass, Günter

Alemaniar idazlea (Gdansk, 1927). “47-ko taldea” delakoaren kide zen. Die Blechtrommel (1959, Latorrizko danborra), Katz und Maus (1961, Katua eta Arratoia) eta Hundejahre (1963, Zakur urteak) eleberriekin hasi zen ezaguna egiten. Bertan, bere gazte sasoiko Danzig (gaur egungo Gdansk) hiriko gizarte burges txikiaren deskripzio karikaturazkoa egiten du. Nazismoaren erru-kezkak azaltzen dituzte bere idazlanek. 1972an Tagebuch einer Schnecke (Barakuilu baten egunerokoa) idatzi zuen, bere jarrera politikoak arrazoitzeko asmoz. Arnas luzeko eleberria da Der Butt (1977, Erreboiloa), eta gizateriaren historia fantastikoa kontatzen da bertan erreboilo baten ikuspuntutik. Mundu ezkor, krudel eta bortxazko bat agertzen du Grassek, hizkera trinko eta sarri barroko baten bidetik. Osaba, osaba eta Sukaldari onak antzerki lanetan nabarmenak dira absurduaren ezaugarriak. Azken urteetan jarrera kritikoa agertu du Alemaniaren batasunari buruz. 1992an Daniel Chodowiecki Fundazioa sortu zuen, poloniar marrazkilari gazteak sustatzeko asmoz. Azken urteotan, idazki politikoak zenbait liburutan bildu ditu: Susmo txarrak (1992), Galeraren diskurtsoa: Alemania batuaren kulturaren gainbeheraz (1993). Azkeneko gai horri berari buruz, Ipuin luzea da eleberria idatzi zuen 1997an. 1999an Letretako Asturias Printzea saria eskuratu zuen, eta Nire mendea, ehun testu, argitaratu zuen. Urte berean Literaturako Nobel saria eman zioten.