Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

González Márquez, Felipe

Espainiar politikaria (Sevilla, 1942). Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta abokatu lanetan aritu zen. 1962an Gaztedi Sozialistetan sartu eta Andaluzian alderdi sozialista eraberritzen saiatu zen. Suresnes-ko batzarrean (1974) Espainiako Alderdi Sozialistako (PSOE) idazkari nagusi hautatu zuten; kargu horretan egon zen 1997ra arte. 1977ko Espainiako hauteskunde orokorretan PSOE alderdiak bigarren postua lortu zuen, eta González oposizioko buru bihurtu zen. 1982ko Espainiako hauteskunde orokorrak irabazi ondoren, Espainiako gobernuko lehendakari izan zen, lau legegintzalditan jarraian; 1996an kargua utzi zuen Partido Popular alderdiak bere alderdia garaitu zuenean hauteskunde orokorretan.