Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ghirlandaio

edo Ghirlandajo. (Domenico di Tomaso Bigordi, «Ghirlandaio» deitua) Italiar margolaria (Florentzia, 1449 - Florentzia, 1494). Ez zuen sekula utzi bere hiria, 1481-1482an Sixto IV.ak Erromara deitu zuenean izan ezik. Orduan margotu zuen Petri eta Andres apostoluen bokazioa (Sixtina). Etxean lantegi bat zuen beste bi anaiekin batera, eta bertan ikasle izan zen, besteren artean, Michelangelo. Bere mendeko Florentzia eta bertan bizi ziren burgesak freskoetan irudikatu zituen (San Frantziskoren bizitza, Santa Trinità, Andre Mariaren eta San Joan Bataiatzailearen bizitza, Santa Maria Novella). Erretratua eta freskoa bateratu zituen; teknika berriak erabili zituen (ikuspuntua), Gizon zaharra haur batekin (Louvre) obrak erakusten duen bezala.