Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ghana

(Izen ofiziala, Ghanako Errepublika). Afrikako mendebaldeko estatua. Mugak: hegoaldean Gineako Golkoa, Ozeano Atlantikoan (500 kilometro luze da kostaldea), iparraldean Boli Kosta, ipar-mendebaldean eta iparraldean Burkina Faso, ekialdean Togo. 238.533 km2 eta 21.946.247 biztanle (ghanatarrak). Hiriburua: Akkra (1.970.400 biztanle). Hiri nagusiak: Kumasi, Tamale, Tema, Sekondi-Takoradi. Dirua: zedia. ■ 1957ko martxoaren 6an, Ghanako herrialde independentea bihurtu zen Urrezko Kostako britainiar kolonia zena. Independentzia eskuratu zuen Afrikako lehen kolonia izan zen, eta bide bera egin zuten besteen eredu gertatu zen. Izena, Ghana, Niger ibaiaren goi ibilbidean IV-XIII. mendeetan loratu zen inperio ahaltsuarenetik dator. ■ Biztanleak. Etnia asko dago Ghanan. Ashantiak, akan hizkuntzaz mintzatzen direnak, dira gizatalde nagusia (% 52,4); Ashantiko probintzian bizi dira, eta akan hizkuntzaz mintzatzen dira; Kumasi da Ashantako hiriburua. Beste etnia garrantzitsuak moshi-dagonba (% 15,8), ewe (% 11,9), ga-andangme (% 7,8), gurma (% 3,3), yoruba (% 1,3) dira. Kristauak dira Ghanako biztanle gehienak, eta hegoaldean eta hiri nagusietan bizi dira; protestanteak % 27,9 dira, eta katolikoak % 18,7. Musulmanak % 15,7 dira, eta iparraldean bizi dira gehienbat. Bertako erlijioen jarraitzaile dira biztanleen % 34,4. Ingelesa da Ghanako hizkuntza ofiziala, eta beste bost hizkuntzak estatutu ofizialak dituzte zeinek bere eskualdean. ■ Ghanako biztanleria oso gaztea da; 1999ko datuen arabera, % 42 dira hamalau urtetik beherakoak; 15-64 urte bitartekoak % 54 dira, eta 65etik gorakoak, % 4. Bizi itxaropena oso apala da, 57 urtekoa, eta emankortasun tasa handia, 4,11 haur emakumeko (1999). Ghanako biztanleen alfabetatze mailari dagokionez, % 64,5 dira alfabetatuak; alde handia dago ordea gizonezkoen (% 75,9 alfabetatuak) eta emakumezkoen artean (% 53,5). ■ Akkra da Ghanako hiriburua eta aldi berean hiri handiena; milioitik gora biztanle du. Kumasi eta Sekondi-Takoradi ere zentro urbano garrantzitsuak dira. 953 kilometroko burdinbide sare batek lotzen ditu Akkra, Kumasi eta itsasaldeko hiriak. 32.000 km errepide dira zolatuak. Akkratik gertu Kotakako nazioarteko aireportua dago, eta badira beste lau aireportu txikiagoak, nazio barneko hegaldietarako. ■ Ekonomia. Baliabide naturaletan aski aberatsa izanik, Ghanaren errenta per capita Mendebaldeko Afrikako herrialde pobreenen halako bi da. Hala ere, nazioarteko laguntzaren mendeko da, finantzei eta teknikari dagokienez bereziki. Atzerriarekiko truke gai nagusiak urrea, egurra eta kokoa dira. Barne ekonomia oraindik ere iraupenezko nekazaritzan oinarritzen da; barne produktu gordinaren % 41 hartzen du, eta biztanle aktiboen % 40 enplegatzen, lurjabe txikiak bereziki. 1995-1997 urteetan, Nazioarteko Diru Funtsarekin lankidetzan, hiru urteko egokitze plangintza bat jarri zen abian. Ekonomiaren hazkunderako eragozpen dira soldaten gorakadak eta inguruko lurraldeekiko bake konpromisoak, finantzen inflazio defizita eragin baitute, zediaren baliogabetzea, eta gobernuaren ekonomia neurri zorrotzek jendeari erangindako larritasuna. Era berean, 1998an uzta pobrea izan baitzen, areago moteldu zen berez motela zen hazkundea. Industria sektorea (nazio produktu gordinaren % 16), oraindik ere meatzaritzan oinarritzen da. Kakaoa da esportazio gai nagusia. Britainia Handia, Alemania eta Estatu Batuak dira Ghanaren merkataritza kide nagusiak. Hala ere, merkataritza balantzeak defizitario izaten jarraitzen du, hornidura ondasunen, gai manufakturatuen eta petrolioaren erosketa dela-eta. ■ Historia. Herri liberiar-bereber batek sortu zuen Ghanako erreinua K.o. IV. mendean. Lehendabiziko europarrak, portugaldarrak, 1471n heldu ziren, eta urrearen salerosketaz jabetzen saiatu ziren; garai hartakoa du lurraldeak Urrezko kosta izena. Portugaldarrak beren nagusituna galduz joan ziren frantsesen, ingelesen eta holandesen faboretan. XVII. mendean esklaboen salerosketa hasi zen, eta Europarekiko merkataritza haren eraginez bertako herritarrek erreinu berriak sortu zituzten kostaldean eta basoan, iparraldearen kaltetan. XIX. mendearen hasieran esklaboen salerosketa debekatu zenean lurraldeak ordu arte izan zuen interesa galdu zuen europarrentzat, eta ingelesei utzi zitzaizkien bertan eraikitako gotorlekuak. Ingelesek kolonia bat antolatu zuten kostaldean, ashanti erreinukoak mendean hartuta. 1951. urtean Ingalaterrak konstituzioa eratu zuen eta bertakoez osaturiko gobernua antolatu zen, barne arazoetarako ahalmen osoa zuena. 1957. urtean Urrezko kostak independentzia eskuratu eta Ghanako estatu bilakatu zen. 1960. urtetik aurrera, errepublika bihurtu zenetik, Kwame Nkrumah izan zen lehendakaria. 1966an kolpe militar batek Nkrumah aginpidetik eraitsi eta Ankrah jenerala ezarri zuen haren ordez; harrez gero behin baino gehiagotan hartu dute militarrek aginpidea indarrez. 1978. urtean, matxinada batek, William Fred Akuffo jenerala buru zuelarik, agintean zegoen Acheampong jenerala kargutik kendu zuen eta batzar konstituziogile bat osatu zen. Batzarrak konstituzio berri bat idatzi zuen, presidentziala, eta hauteskundeak iragarri zituen 1979ko ekainaren 8rako. Baina 1979ko ekainaren 4an beste estatu kolpe izan zen, ofizialek eta soldaduek eragina, abiazioko kapitain batek (Jerry Rawlings), gidatua. Zenbait jeneral (haien artean Akuffo eta Acheampong) hil zituzten, baina hala ere esandako egunean egin ziren hauteskundeak; Herriaren Nazio Alderdia irten zen garaile, Hilla Limann buruzagi zuena. Limann, 1979ko uztailaren 9an presidente aukeratua, ahalegindu zen, alferrik, inflazioaren kontra borrokatzen eta egoera sozio-ekonomikoa zuzentzen. Kudeaketa ekonomiko txarra eta gobernu zibilaren ustelkeria kritikatuz, Rawlings kapitainak beste estatu kolpe bat eman zuen eta berriz hartu zuen aginpidea, 1981eko abenduaren 31n, eta kargutik egotzi zuen Limann presidentea. Rawlingsek konstituzioa baliogabetu zuen, alderdi politikoak debekatu, eta Nazioaren Defentsarako Behin-behineko Batzorde bat osatu zuen (PNDC), bera buru zuena, eta ustelkeriaren eta kontrabandoaren kontrako borrokari ekin zion. PNDC-k, 1983 eta 1985ean, ekonomia berritzeko bi plangintza jarri zituen abian, eta ondoren, 1987an, egokitze estrukturaleko plangintza bat. Era horretan, ekonomiaren egoerak hobera egin zuen, gastu publikoak errotik murriztuz. Konstituzio berri bat onartu zen erreferendum bidez 1992ko apirilean, eta era horretan alderdi aniztasuna ezarri zen ostera ere urte bereko maiatzean. J. Rawlings irten zen garaile lehendakaritzarako hauteskundeetan (botoen % 58rekin) lehenengo itzulian, azaroan, baina oposizioko alderdiek boikota egin zuten abenduko legegintzako hauteskundeetan. IV. errepublikarekin (1993ko urtarrilean osatu zen), erregimen militarreko hamar urte bukatu ziren. 1996ko lehendakaritzarako hauteskundeetan, oposizioko zenbait alderdi elkartu ziren hautagai bakar bat aurkezteko, John Kufuor. Hautagai hori ordea erraz baztertu zuen J. Rawlingsek, eta haren alderdia, Nazio Kongresu Demokratikoa (NDC), izan zen orobat garaile legegintzako hauteskundeetan. Atzerriko politikagintzari dagokionez, Rawlings kapitainak –haren ama ewe etniakoa da, Togo eta Ghanaren arteko mugak banatua–, bi herrialde horien artean maiz sortzen diren gatazkei aurre egin behar izan die; behin baino gehiagotan, elkarri leporatu diote Togo eta Ghanak konplotak, batak bestearen kontrako erasoak eta hilketak bultzatu izana, bereziki 1986. eta 1994. urteetan. 2000. urtean Rawlingsek bere kargua utzi zuen, eta John Kufuor-ek irabazi zituen hauteskundeak, lehenengo aldia zen boterea bide demokratikoen bitartez aldatzen zela. 2001. eta 2002. urteetan borroka larriak izan ziren mamprusi eta kusasi taldeen artean; Ya-Na Yakubu Andani II.a hil zuten eta gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen. 2004an Jerry Rawlings lehendakari ohiak ikerketa batzorde baten aurrean erantzun behar izan zuen bere agintaldian, Giza Eskubideak bortxatu zituen salaketapean. Urte horretan bertan Kufuorrek irabazi zituen berriro ere hauteskundeak. 2005. urtean Togoko milaka herritarrek Gahanara ihes egin zuten, babes bila. 2008ko lehendakaritzarako haueskundeetan John Atta-Mills hautatu zuten lehendakari.
http://www.ghana.gov.gh/