Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

García de la Concha, Víctor

Espainiar filologo eta idazlea (Villaviciosa, Asturias, 1934). Oviedoko Unibertsitatean egin zituen filologiako ikasketak. 1976an Zaragozako Unibertsitateko katedra eskuratu zuen eta 1979an Salamancako Unibertsitatekoa; Valladolid eta Murtziako unibertsitateetako irakasle izan da. Literaturari buruzko ikerketak egin ditu, Erdi Aroko literaturari buruzkoak batez ere, baina Errenazimentuko literaturan eta gaur egungo literaturan, batez ere XX. mendeko olerkigintzan, espezializatu da denborarekin. Erlijioaren eta literaturaren arteko harremana, Gaztelako Erdi Aroko antzerkigintza eta lirika sakratua izan ditu aztergai, besteak beste, eta ikerketa sakonak egin ditu espainiar literatura espiritualari buruz (mistikari buruz batez ere), El arte literario de Santa Teresa (1978, Santa Teresaren arte literarioa) eta El arte literario de San Juan de la Cruz (1991, San Juan de la Cruzen arte literarioa) obrek erakusten dutenez, eta pikareskari buruz (Nueva lectura del Lazarillo de Tormes, 1981; Tormesko Itsu-mutilaren irakurketa berria). Obra aipagarriak ditu, orobat, Poesía española contemporánea (Gaur egungo espainiar olerkigintza) eta Poesía española de 1935-1975 (1935-1975 bitarteko olerkigintza espainiarra) saila. Argitalpen kritikoen artean azpimarratzekoak dira Cristo de Velázquez de Unamuno (1987, Unamunoren Velázquezen kristoa), Eternidades de Juan Ramón Jiménez (1981, Juan Ramón Jiménezen betikotasunak) eta Juan Manuel Bueno, mártir (1989, Juan Manuel Bueno, martiria) esaterako, eta bereziki, 1982. urtean argitara emandako Libro de romances y coplas del Carmelo de Valladolid (Valladolideko Karmeloko erromantze eta koplen liburua), lekaime batek bere komentuan abesten ziren kantuez osaturiko bilduma, García de la Conchak berak dioenez jainkozkotasunera eramandako maitasun kantuez osatua. Zenbait aldizkaritan eta argitaletxetan lan egin du, eta ikus-entzunezkoetarako gidoiak idatzi ditu (telebistarako Santa Teresa de Jesús saileko gidoiak, Carmen Gaiterekin).