Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gallastegi Uriarte, Elias

(Eli Gallastegi deitua). Bizkaiko politikari abertzalea (Bilbo, 1892 - Donibane Lohizune, 1974). Merkataritza ikasketak egin eta euskara ikasi zuen gaztetan. Bilboko Euzko Gastedija taldean hasi zen politika lanetan eta geroago, talde horretako buru zela, Euskal Herriko independentziaren aldeko joera politikoa bultzatu zuen Aberri izeneko astekariaren bidez, Comunión Nacionalista taldeko autonomisten aurka. Harreman estuak izan zituen Irlandako Sinn Fein talde abertzalearekin eta Irlandako esperientziez baliatu nahi izan zuen euskal abertzaletasuna independentziarantz abiarazteko. 1921. urtean erabat moztu ziren Comunión Nacionalista taldearen autonomiaren aldeko joeraren eta Eli Gallastegiren independentziaren aldeko joeraren arteko loturak. 1922. urtean, Emakume Abertzale Batza taldea sortu zuen Gallastegik, Irlandako Cumann Na mBan taldearen irudira, eta 1923an Mendigoxaleen elkarteko buru izendatu zuten. Espainiako estatuaren kolonialismoa salatu zuen Marokoko gerraren garaian eta euskal nazionalismo burgesak “espainiar langileria gorriaren” aurka erakutsitako aurriritzien aurrean, “euskal kapitalismo gorri-horiaren” aurkako joera garbia azaldu zuen. Primo de Riveraren diktadura garaian askotan atxilotu zuten eta Ipar Euskal Herrira jo behar izan zuen 1925. urtean. Donibane Lohizunen, Euskal Herriaren independentziaren aldeko batzordea eratu eta Zapalduriko Nazioen Elkarte baterako proiektu bat aurkeztu zuen, Maciŕ katalarekin batera. 1926. urtean Mexikora jo zuen lanera eta bertan Patria Vasca izeneko aldizkaria hasi zen argitaratzen 1928an, Euskal Herriaren independentziaren ideia Amerika osoan zabaltzeko xedean. 1931. urtean Hego Euskal Herrira itzuli zen, euskal nazionalismoko bi adar nagusiek bat egin ondoren. Ez zuen estatutuaren aldeko bidea onartu, hasieran haren aurka ageriko joera ez erakutsi arren. 1931ko irailean preso hartu zuten berriro eta gose grebari ekin zion kartzelan, beste hamabi lagunekin batean. 1932. urtean, I. Aberri Egunaren antolakuntza lanetan hartu zuen parte, buruzagi nazionalistekiko aldeak gero eta handiagoak ziren arren. 1933an Por la libertad vasca artikulu bilduma eman zuen argitara eta hurrengo urtean utzi zuen betiko Euzko Alderdi Jeltzalea, Jagi-Jagi taldeko mendigoizaleekin batean, independentziaren aldeko joera garbia bultzatzearren. 1936ko Gerra Zibilaren hasieran, Euskadiren neutraltasunaren aldeko azaldu zen eta faxistek Bilboko hiria hartu ondoren Frantziara jo zuen eta Irlandara igaro zen handik. Donibane Lohizunen egokitu zen Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren. Eli Gallastegi Euskal Herriko independentziaren aldeko eredu bihurtu da gaur egungo Euskal Herrian.