Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gallego Rodríguez, Jesús

Donostiar margolaria eta irakaslea, Gaztelan jaioa (Valladolid, 1919 - Donostia, 2004). Mutiko zela, bere familia Valladolidetik Bordelera joan zen bizitzera eta handik, 1927an, Donostiara. Bere kabuz ikasi zuen gaztetan margotzen, eta gerra garaian Parisa erbesteratu zen. 1940ko hamarkadaren erdialdera Donostiara itzuli eta gero, Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, eta Parisen osatu zuen bere prestakuntza. Fauvismoaren eragin handia nabari zen bere gaztetako lanetan, heldutasunean figurazioaren esparrura itzuli bazen ere. 1960ko hamarkadaren erdialdera, ordea, abstrakziora jo zuen, eta, figurazioa erabat alboratu ez bazuen ere, 1965etik 1985era ziklo abstraktua osatu zuela esan daiteke. 1986tik aurrera errealismoa izan zen bere lanean nagusi, eta estetikaren bidez eduki sozial handiko aldarrikapena egin zuen marginazioaren, drogaren eta beste arazo sozial batzuen inguruan. Garrantzi eta eragin handia izan zuen gerra ondoko euskal margolari askorengan. Urte askoan belaunaldi baten baino gehiagoren maisu ere izan zen.