Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Frantzisko Josef Ia Austriakoa

Austriako enperadorea (Schönbrunn gaztelua, Viena, 1830 - 1916). Frantzisko Karlos Artxidukearen semea eta Frantzisko II.aren biloba zen. Haren osaba Fernando I.ak 1848ko Vienako iraultzan aginpidea utzi zuenean berak eskuratu zuen. Lehen urteetan habsburgotarrak Europan eta Austriako Inperioan nagusi izateko ahaleginak egin zituen. Prusiarrek Alemania bereganatzeko zuten asmoari aurre egiteko 1848an Austria “Alemania Handian” sartzeari ezezkoa eman zion, eta orobat 1850ean Olmütz-en “Alemania Txikia” sortzeari ere. 1949an Novarako garaipena lortu eta berriro ezarri zuen Austriaren aginpidea Lonbardian. Garai berean, Nikolas I.a tsarraren laguntzaz, Austriako dinastiaren galera nahi zuten hungariarrak menderatu zituen. Austria bertako politikari dagokionez, Schwarzenberg-en aholkuak ontzat hartu eta 1849ko konstituzioa baliorik gabe utzi zuen (1851). Autoritarismo hutsa izan zuen oinarri bere agintean eta Alemania eredu hartuta, burokratzia zentralizatua ezarri zuen inperio osoan. Kanpoan ordea, hondamen handiak izan zituen (Errusiarekin zuen hitzarmenaren amaia, Italiako lurraldeen galera, eta batez ere Sadowan Prusiarren kontrako porrota), eta alemaniar ez ziren herriei naziotasuna onartu behar izan zien. Federalismoari (1860) eta zentralizazioari (1861) buruz zituen asmoetan huts egin zuen eta Hungariarekin hitzarmen bat izenpetu zuen; Austriako inperioko maila bereko lurralde egin zuen Hungaria (1867). Frantzisko Josef eta Elisabet bere emaztea Hungariako errege-erregina izendatu zituzten. Hungariarekiko harremanak zirela eta gainerako herrien arazoak areagotu zitzaizkion, txeko eta hegoko eslaviarrekikoak batez ere. Barne politikan, Reichsrat-eko (1861ean, enperadoreak parlamentu bat sortu behar izan zuen Vienan) oposizio liberalari eta sozialdemokratari amore eman behar izan zien. Familiako ezbeharrek atsekabeturik bere erregealdiko azken urteetan egunean eguneko erabakia besterik ez zuen hartzen eta arazorik larrienei dekretu bidez erantzuten zien. Frantzisko Fernando bere ilobaren hilketaren ondoren, Serbiari ordainak eskatzeko erabakia hartu zuen eta Munduko Lehen Gerra piztu zuen. Inperioa desegin baino bi urte lehenago hil zen.