Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Frantzisko IIa Erroma eta Germanietakoa

Erroma eta Germanietako Inperio Santuko azken enperadorea, 1792-1806 bitartean (Florentzia, 1768 - Viena, 1835). Leopoldo II.aren semea eta Maria Antonietaren iloba zen. Frantziak bere kontrako gerra hasi zuen 1792an; hondamen askoren ondoren Italiako (Lombardia) eta Inperio Santuko lur asko (Herbehereak, Rhin eskualdea) utzi behar izan zituen. Rhin eskualdeko Konfederazioa onartu zuen (1806); Frantzisko I.a izena hartu eta Inperio Santuko enperadore titulua utzi behar izan zuen (1806ko abuztuaren 6a). 1804ean Austriako enperadoretza hartu zuen herentziaz. 1809an Napolenonekin izandako arazoak konpontzeko bere alaba Maria Luisa eman zion emazte (1810). 1813an, Metternichek gomendaturik, Napoleonen kontrako koalizioan sartu zen. Vienako Kongresuari esker lehenago bere mendean izandako lurrak berreskuratu zituen, baina ezin osatu ahal izan zuen berriro Inperio Santua (1814eko abendua). Germaniar Konfederazioko lehendakari izan zen. Metternichen politika sistema gauzatu zuen, liberalismoaren kontrakoa alegia.