Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Flotats Picas, José María

Katalan antzerki antzezle eta zuzendaria (Bartzelona, 1939). Ikasle garaian hasi zen antzerki lan txikiak antzezten. Beka batek lagunduta, Estrasburgoko Antzerki Eskola Nazionalean ikasi zuen hiru urtez. Ondoren, Paris hartu zuen bizilekutzat eta hainbat konpainiarekin lan egin zuen. Sari hauek jaso zituen Frantzian: 1970ean Gérard Philipe saria, eta 1980an Frantziako Antzezlerik Onenaren saria. 1981etik 1983ra Comedie Française-ko pensionnaire izan zen. Espainiara itzuli zenean (1984) José María Flotats konpainia sortu zuen. Antzerki talde horrek katalanez antzeztu du beti: Cyrano de Bergerac (1985), Per un sí, per un no (1986), El despertar de la primavera (1986), Lorenzaccio (1988), El misantrop (1989) eta Tots assajant Don Juan (1993). Telebistan eta zineman ere egin ditu lanak: Pim, pam, pum… fuego (Pedro Olea), Jo, papá (Jaime de Armiñán), Le premier amour (1991), El largo invierno del 39 (Jaime de Armiñán) eta Boca a boca (1995). Kataluniako Antzoki Nazionala sortu zuen. Espainian, Antzerkiko Sari Nazionala eman zioten (1989, Kultura ministerioak) eta Interpretazioaren Sari Nazionala (Kataluniako Generalitatek).