Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Florit Capella, José

Katalan historialaria (Bartzelona, 1941). Historiako ikasketak 1956an egin zituen, eta doktoregoa 1971n lortu zuen, Bartzelonako Unibertsitatean. Irakaskuntza Ertainetako irakasle izan ondoren, 1965az geroztik unibertsitatean jardun du irakasle gisa. 1987az geroztik historia garaikideko sailburu izan da Bartzelonako Unibertsitatean, eta 1992an irakasgai horretako katedra lortu zuen. Doktore tesia Espainiako aisialdiari buruz egin zuen, eta hainbat artikulu argitaratu ditu gai horretaz. Bestalde, zenbait ikerketa egin ditu Bartzelonako Ateneoko Artxiboaz, Kataluniako gaur egungo ikonografiaz eta pedagogiaren berrikuntzaz, zinema informazio iturritzat hartzen duen irakaskuntzaz hain zuzen. Horiez gainera, aipagarriak dira lan hauetarako idatzi zituen artikulu bildumak: La historia día a día (1965, Historia egunez egun), Los descubrimientos geográficos portugueses (1969, Portugaldarren aurkikuntza geografikoak), El desarrollo económico de la América inglesa en el siglo XVIII (1970, XVIII. mendeko garapen ekonomikoa ingelesen Ameriketan), Política exterior de Washington (1970, Washingtongo kanpo politika), Protagonistas de la historia (2 ale, 1982, Historiako protagonistak), Historia Universal (1982, Historia Unibertsala), Arrels. Historia de Catalunya (1983, Erroak. Kataluniaren Historia). Gainera, Espainiaren Historia obraren VI. alearen zuzendari izan da, A. Jutglar eta B. Muniesarekin batera. Aldizkari espezializatuetan (Antrhopos, Universitas eta Historia y Cinema) ere idazten ditu artikuluak. Zinemari buruzko mintegi bateko zuzendari ere bada.