Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fernández de Enciso, Martín

Espainiar itsasgizona eta idazlea, Sevillan jaioa. Santo Domingon zegoela, Ojedari itsasontzi bat eskaini zion (1509), eta hark Urabako (egungo Kolonbia) alkate nagusi izendatu zuen. Ojeda zelata batean hil zenean, haren lagunak Cartagenara itzuli ziren, eta han Enciso beraiekin abiatu zen berriro ere Uraba aldera (1510). Hala ere, Balboak bultzaturik, Darien aldera jo zuten, eta erregearen mandaturik ez zuela eta, Gaztelara bidali zuen Enciso. Balboaren kontra auzia jarri eta irabazi ondoren, Pedrarias Dávilarekin itzuli zen (1514). Lurralde aurkitu berrietan ibili zen, “urre lurreko” jauntxoen kontra borrokatu zen, eta berak prestatu zuen europarrek Ameriketari buruz idatzitako lehen liburua (Suma de Geografía que trata de todas las partidas y provincias del mundo, en especial de las Indias, y trata largamente del arte de marear, 1519).