Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fernández de Moratín, Leandro

Espainiar poeta, antzerkigile eta jakituna (Madril, 1760 - Paris, 1828). Oso gazte zelarik, Espainieraren Errege Akademiako bi sari irabazi zituen. Frantzian ibili zen, eta Frantziako Iraultzako gertakariak bertatik ikusi zituen. Gero Ingalaterra eta Italia ezagutu zituen. Godoyren babesa izan zuen eta Independentziako Gerran frantsestuen aldeko izan zen, eta Josef I.aren liburuzain egin zuten. Fernando VII.a itzultzean, Parisa erbesteratu zen, eta han hil zen. El viejo y la niña (1786), El barón (1786), La mojigata (1790), La comedia nueva (1791), eta El sí de las niñas (1806) antzerki lanak idatzi zituen. Poesia lanetan, malenkoniazko doinuz, gizona kezkatzen duten gaietan murgildu zen Moratín (heriotza, denbora) eta erromantizismoari aurrea hartu zion. Shakespeareren Hamlet eta Molièren Le médecin malgré lui eta L’école des maris itzuli zituen.