Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Fernández de Córdoba, Gonzalo

(«Kapitain Handia» deitua) Gaztelako militarra (Montilla, Kordoba, 1453 - Granada, 1515). Gazte zelarik, Henrike IV.a hiltzean piztu zen Erregetzarako Gerran parte hartu zuen Elisabet Katolikoaren alde. Granadako Gerran aritu zen geroago. 1495ean, Napoliko Fernando II.ari Frantziako Karlos VIII.aren kontra laguntzera bidali zuen Fernando Katolikoak. Frantsesak garaitu ondoren, Fernando erregetzan jarri zuen, eta Erromako setioa altxatzeagatik, Alexandro VI.aren Urrezko Arrosa preziatua eman zion Aita Santuak, eta Napoliko Fadrikek, Fernandoren ondorengoak, Ternuako eta Santangeloko duke izendatu zuen. 1498an Espainiara itzuli eta, moriskoen gerran labur jardun ondoren (1500), Italiara itzuli zen berriro, espainiarren eta frantsesen artean berriro gerra hasia baitzen. Barlettako setioa jasan ondoren, Nemours-eko kondea Zeriñolan zapaldu zuen (1503), Garellanon graipena lortu (1504) eta Gaeta menderatu zuen (1504). Lau urtez Napoliko gobernuaren buruzagi izan zen, haren sonaz kezkaturik, Fernando Katolikoa heldu zen arte. Hark Espainiara bidali zuen 1507an, eta Lojako erretiroan sartzera behartu zuen. Granadan hil zen, agindua zitzaion Santiagoko nagusigoa jaso gabe. Espainiako gudaroste profesionalaren sortzailetzat hartu izan dute historialariek Gonzalo Fernández de Córdoba.