Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Henrike IIIa Nafarroakoa eta IVa Frantziakoa

Nafarroako erregea 1572-1610 bitarteko urteetan, eta Frantziakoa 1589-1610 bitartean (Paue, 1553 - Paris, 1610). Handia eta Biarnotarra deitua. Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginaren eta Antonio Borboikoa Vendômeko dukearen semea, Henrike II.aren biloba eta San Luis Frantziako erregearen oinordeko zuzena zen. Amaren eskutik, protestantismoan hazi zen eta 15 urte zituela Frantzia aldeko higanoten buruzagi nagusia zen. Saint-Germain-en-Layeko bakearen ondoren (protestanteen eskubideak aitortzen zituen ituna, 1570), Margarita Valoisko Karlos IX.a erregearen arreba katolikoarekin ezkondu zen, San Bartolomeko gaua baino zortzi egun lehenago (1572ko abuztua). Gau hartan, Henrike III.ak fede protestantea ukatu behar izan zuen bizia salbatzeko. Preso eduki zuten, hala ere, 1576. urtean Nafarroa eta Biarnoko lurraldeetara ihes egin ahal izan zuen arte. Katoliko fedea bazter utzita, higanoten buruzagi nagusi bihurtu zen berriz ere, eta protestanteen aldeko itun berri bat izenpetzea lortu zuen (Beaulieuko ediktoa, 1576). 1584ean, Henrike III.a Frantziako erregea oinordeko zuzenik gabe gelditu zen eta Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako erregegai bihurtu zen. Henrike III.a Nafarroakoak bere arreba, Katalina Borboikoa, Pauen erregeorde utzi eta Parisko gortera jo zuen. Katoliko frantsesek, Henrike Guisekoa buru, Filipe II.a Espainiako erregeak eta Aita Santuak ez zuten horrelakorik onartu, eta Hiru Henrikeren gerra hasi zen: Henrike III.a Frantziakoak hilarazi zuen Henrike Guisekoa (1588) eta hurrengo urtean Henrike III.a Nafarroakoa Frantziako koroaren jabe egin zen Henrike IV.a izenaz, Henrike III.a Frantziakoa atentatu batean hil ondoren. Espainiako Filipe II.aren laguntza zuten katoliko frantsesak errege berriaren aurka altxatu ziren; Henrike IV.ak menderatu bazituen ere (Arques eta Ivryko guduak, 1589-1590), Espainiako osteen mehatxuek eraginda, fede protestantea ukatu eta katoliko bihurtu zen 1593an (tradizioak bere ahoan ezarri du mundu katolikoak, Filipe II.ak bereziki, hain gaizki hartu zuen “Merezi du Parisek meza bat” esaldi ospetsua). Protestante eta katolikoen arteko gerra 1596. urtean amaitu zen eta Nantesen eman zuen ediktoaren arabera, erlijio tolerantziaren aldeko legea xedatu zen Nafarroako eta Frantziako koroaren mendeko lurralde guztietan 1598. urtean. Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa erreinua bakean gobernatu nahi izan zuen errege lasaia izan zen Frantziarentzat. 1598-1610 urteetan bizkortze nabaria izan zuen Frantziako ekonomiak: Lehen Ministro kargua kendu ondoren, bere uste oneko aholkulariak hartu zituen inguruan eta zerga sistema sendotzeaz batera, hobekuntza sozial eta teknikoak ekarri zituen laborantzako mundura, eskulangintza eta luxuzko gaien esportazioa bultzatu zuen eta bide berri modernoagoez hornitu zuen merkataritza sarea. Nafarroako politikari dagokionez, Henrike III.ak Frantziako koroaren barnean ezarri zituen bere mendean zeuden jabego feudal guztiak (dukerri, jaurerri eta abar), baina ez, ordea, Nafarroa eta Biarno, Frantziako koroatik kanpo segitu zuten. Ez zen Espainiako koroak konkistaturiko Nafarroa Garaia berreskuratzen saiatu, baina bere lurraldeetako hiritartasuna aitortu zien bost merindadeetako nafarrei. Henrike III.a Nafarroakoaren erreinaldian, beraz, Nafarroako eta Frantziako koroak bateratzeko lehen urratsak eman ziren (batasuna Luis XIII.a Frantziakoa eta Nafarroako II.a gauzatzen saiatu zen 1620. urtean). Henrike III.a Nafarroa burujabearen azken erregea izan zen. Haren ondoren, Frantziako errege guztiak Nafarroakoak ere izan ziren, bera bezala. Legez hala zen, baina ez egiaz, eta Nafarroa ez zen bere buruaren jabe izango. Kanpoko politikan, Henrike IV.a Frantziakoak Alemaniako eta Suitzako protestanteen alde jokatu zen habsburgotarren aurka, eta Espainiako Inperioaren arerioa izan zen beti.  v  Henrike III.a Nafarroakoak maitale asko izan zuen bere bizitzan, Diana Andoinskoa Bidaxuneko andrea izan zen nagusia. 1599. urtean bereizi zen Margarita Valoisekoa emaztearengandik eta hurrengo urtean Maria Medici Toskanako dukearen alabarekin ezkondu zen. 1610. urtean, Espainiako inperioaren aurkako gerrari ekiteko burubidea izan zuen. Herriak ez zuen ongi hartu asmo hura eta arerioak (katolikoengandik hurbil zegoen erregina bera tarteko) egoera horretaz baliatu ziren erregea hiltzeko; hala, 1610eko maiatzaren 4ean François Ravaillac izeneko batek hil zuen Parisko kale batean. Hurrengo mendeetan, oso begiko izan dute frantsesek Henrike IV.aren oroitzapena.