Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Henrike IIa Trastamarakoa

Gaztelako erregea 1369-1379 bitarteko urteetan (Sevilla, 1333 - Santo Domingo de la Calzada, Errioxa, 1379). Alfontso XI.a eta Leonor de Guzmanen ezkontzaz kanpoko semea eta Trastamarako kondea. Petri I.a Ankerra Gaztelako erregearen kontra altxatu zen eta, hark juduen eta Granadako arabiarren laguntza bazuen ere, berak Aragoi, Frantzia eta Aita Santua aldeko zituela, Gaztelako errege izendatu zuen bere burua Calahorran (1366) eta Gaztelan barneratu zen erresuma hartaz jabetu nahian. Ingalaterrak laguntzarik gabe utzia zuen Petri I.a menderatu, eta Gaztelako benetako errege bihurtu zen 1369an, Frantziako erregearen zerbitzuan ziharduen Du Guesclinen osteek lagunduta. Hala ere, Nafarroa, Aragoi, Ingalaterra, Granada eta Portugalgo erresumak batu ziren haren aurka. Karlos II.a Nafarroako erregeak Gipuzkoa, Araba eta Errioxa berreskuratu nahi zituen eta Ingalaterrako koroak interes handiak zituen Bizkaiko kostaldean. Petri I.a Gaztelakoak lurralde haiek itzultzea agindu zien laguntzaren ordez. Henrike Trastamarakoak etsaiak menderatu zituen Frantziako koroaren laguntzari esker eta ondorengo hitzarmenen arabera bideratu ziren ezkontzek ziurtatu zuten jatorriz sasikoa zen dinastia haren geroa. Aristokraziaren aldeko sutsua zelarik, Henrike II.ak nobleei lagundu eta burges merkatarien eskubideak murriztu zituen. Bestalde, Gaztelak Kantauri aldean zituen portuez baliatu zen Gaztelako artile merkataritza sendotzeko.