Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Henrike IVa Germaniakoa

Germaniako enperadorea 1056 - 1106 bitarteko urteetan (1050 - Bodfeld, Harz, 1106). Henrike III.aren semea zen. Artean errege izateko adinik ez zuela, amaren eta Koloniako eta Bremengo artzapezpikuen zainpean gobernatu zuen. Egoera honetaz baliaturik, bavariarrak eta saxoiak altxatu ziren inperioaren aurka. Saxoniak menderatu zituen (1075). Italian, bestalde, Gregorio VII.a Aita Santuaren inbestidura laikoen aurka altxatu zen (1075). Henrike IV.ak Aita Santua kendu zuen bere lekutik (Wormsko kontzilioa, 1076ko urtarrila) eta hurrengo hilean Gregorio VII.ak eskumikatu zuen Germaniako enperadorea. Inbestiduretako gerra piztu zen eta aldi berean altxatu ziren enperadoreen aurka Germaniako jaun feudalak. Laguntzarik gabe geratuta, Henrike IV.ak barkamena eskatu behar izan zion Aita Santuari (Canossako gaztelua, 1077ko urtarrila) eta eskumikutik libre utzi zuen honek. Germaniara itzuli ondoren, Henrike IV.a jaun feudalen aurrean nagusitu eta berriro ere altxatu zen Gregorio VII.aren aurka; Klemente III.a antipapa hautatu zuen. Bigarren eskumikuari jaramonik egin gabe (1080), Italiara jo eta Erromaz jabetu zen 1084. urtean. Gregorio VII.a hil ondoren (1085), germaniarren aurkako borrokari ekin zion Urbano II.a Aita Santu berriak, normandiarrek eta lonbardiarrek lagunduta, eta 1093. urtean Erroma hartu ondoren, Italiatik egotzi zituen germaniarrak. Henrike IV.aren azken urteak ez ziren samurrak izan, Konrado eta, geroago, Henrike bere semeak kontra altxatu baitzitzaizkion. Honek bere kargutik kentzea lortu zuen Maguntziako dietan (1105).