Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Henrike IIIa Ingalaterrakoa

Ingalaterrako erregea 1216-1272 bitarteko urteetan (Winchester, 1207 - Westminster, 1272). Joan Lur Gabearen semea zen. Ezin eskuratu izan zituen Luis IX.a Frantziako erregeak aitari kendu zizkion lurraldeak eta hitzarmen bat sinatu behar izan zuen (Parisko ituna, 1259). Baroiak, Simon Montfort-ekoak gidaturik, haren aurka altxatu ziren eta errege aginpidea murrizten zuen lege bat izenpetu behar izan zuen (Oxfordko Probisioak, 1259). Alabaina, ez zuen hitzartutakoa bete nahi izan, eta baroien aurka jo zuen (Baroien gerra, 1261-1265). Baroiak nagusitu ziren (1264) eta Simon Monfortekoa Ingalaterrako nagusi bihurtu zen (Karta Handia edo Carta Magnaren berrespena, 1265). Simon Montfortekoa ez zen, ordea, baroien gogokoa eta hil egin zuten (Eveshango gudua, 1265). Erregeak mendekatu nahi izan zuen baina Eduardo printzeak bide hura debekatu eta bakea izenpearazi zion (Kenilworthko Dictuma, 1267).