Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Davitt, Michael

Irlandar politikaria (Straide, Mhuigheo konderria, 1846 - Dublin, 1906). Ingalaterrako Lancashire-ko ehungintzarako lantegietara jo behar izan zuen, eta 1857an beso bat galdu zuen lanean. 1870 eta 1877. bitarteko urteetan preso egon zen arma trafikoa egin zuelako salakuntzapean. Kartzelatik irten ondoren, Estatu Batuetara jo zuen errepublikarren aldeko dirua lortzearren eta, berriz ere Irlandara itzulirik, mugimendu abertzalearen aldeko politika eta nekazarien aldekoa uztartu nahi izan zituen. 1879. urtean Irish Land League (Laborarien Liga) alderdia sortu zuen. Berriz ere kartzelaratu zuten, Liga legez kanpo utzi zutenean (1881-1882). Sozialista zen, eta irlandar abertzaleen buruzagi zen Parnellen aurkako jarreren alde egin zuen askotan. Boerren gerraren aurka azaldu zen eta Labour Party alderdiarekiko harremanak estutu zituen.