Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Castro, Rosalía de

Galegoz eta gaztelaniaz idatzi zuen galiziar idazlea (Santiago Konpostelakoa, 1837 - Padron, 1885). Ama ezkongabe baten alaba zen. Ondoko obran eragin handia izango zuen krisi larria jasan zuen hamabost urterekin. 1857an bere lehen poema liburua eman zuen argitara, La Flor (Lorea).  Hitz laua eta neurtua landu zituen; amodioaren penak, emakumea, herriaren miseria eta Galiziarekiko atxikimendua izan ziren haien gai nagusiak. 1859. urtean La hija del mar (Itsasoaren alaba), emakumearen bizimoduaren inguruko eleberria, idatzi zuen. 1863an amari hil ondoren opa zion A miña mai eta Gaztelarekiko erdeinua darien Cantares galegos (Galiziar kantuak) poema liburuak ondu zituen. Kontakizunak eman zituen ondoren, Ruinas (1866) eta El caballero de las botas azules (Bota urdineko zalduna, 1867). 1870-1871. urteetan idatzi zituen Simancasen 1880an Follas Novas (Hosto berriak) izenburuan bildu zituen poemak. 1885ean, En las orillas del Sar (Sar-en ibai ertzean) olerki sorta eman zuen gaztelaniaz, bere baitara bilduriko idazlearen gogoeta liriko-erlijiozkoak biltzen dituena.  v  Hil aurretik bere obra guztiak erre zitzatela eskatu zien Rosalía de Castrok seme-alabei, baina zorionez ez zuten agindua erabat bete. Bere garaiari zegokion moduan, molde erromantikoak aurrera eramaten jakin izan zuen Rosalía de Castrok. Bera da XIX. mendean Galiziak eman zuen idazle garrantzizkoena.