Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Calatrava, Santiago

Valentziar arkitekto eta ingeniaria (Benimamet, 1951). Artea eta arkitektura ikasi zituen Parisen eta Valentzian. Ingeniaritza zibilari heldu zion segidan, Zurichen, goi-teknologiak liluraturik, Gaudí, Nerva zein Candelaren obraren eraginpean betiere. Zurichen bertan hasi zen lanean 1981ean eta berehala egin zen ezaguna Europa osoan. 1989an beste bulego bat zabaldu zuen Parisen, eta laster hasi zen Calatravaren izena nazioarteko lehiaketa ospetsuenei lotuta azaltzen. Besteak beste, Berlingo Reichstag proiektuan parte hartu zuen (1993). Ordurako, ordea, beste makina bat egina zen: Rodako Bach zubia (1987) eta Montjuiceko dorrea (1989-1992), Bartzelonan biak; Kuwaiteko pabiloia eta Alamillo zubia, Sevillako Expo-92rako eginak; Bilboko aireportuaren handitze lanak (1991-2000); Torontoko BCErako eginiko Gallery and Heritage Square proiektua, edo Lyon-Satolasko tren geltokia. Sari asko jaso ditu, eta erakusketa ugaritara eraman izan dituzte bere obrak. Calatravaren arkitekturaren hastapenak oso soilak dira sarritan, baina horiei emandako konponbide teknikoak oso konplexuak izan daitezke. Nabari da bere estiloan lan antropomorfikoen eragina, Pier Luigi Nervi arkitektoarena adibidez. Arkitektura, ingeniaritza eta eskultura uztartzen ditu zenbaitetan, hiru alor horietan egin dituen ikasketez baliatuz.