Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Borges, Jorge Luis

Argentinar idazlea (Buenos Aires, 1899 - Geneva, 1986). Ikasketak Argentinan, Ingalaterran eta Suitzan egin zituen. 1921ean, Argentinara itzulirik, beste zenbait lagunekin Proa aldizkari ultraista sortu zuen. Ingeles literaturako irakaslea Buenos Airesko unibertsitatean eta Liburutegi Nazionalaren zuzendaria izan zen (1945). Bere lehen idazkiak aldizkarietan azaldu ziren: Prismas, Nosotros, Martín Fierro. 1923an sorterriari kantatu zion lehen poema bilduman: Fervor de Buenos Aires. Saiakera lanak Borgesen agnostizismo eta humanismo eszeptikoaren adierazpide dira: Inquisiciones (1925), Tamaño de mi esperanza (1926), Discusión (1932), Historia de la eternidad (1936), Otras inquisiciones (1952), etab. Borges mundu osoan ezagutarazi duten kontakizun liburuetan ametsa eta errealitatea, iragana eta oraina nahasten dira; leku urrun eta zehazgabean kokatzen dira gertakizunak: Historia universal de la infamia (1935), Laberinto (1941), Ficciones (1944), El Aleph (1949), El hacedor (1960). Beste idazle batzuekin batera, halaber, zenbait obra idatzi ditu: Antología de la literatura fantástica (1941), Silvina Ocampo eta Adolfo Bioy Casaresekin batera; Cuentos breves y extraordinarios (1956) eta Nuevos cuentos de Bustos Domecq (1977) A. Bioyrekin, etab. Polizia kontakizuna bizitzaren zentzu ezkutuaren bilaketa bihurtu du: El informe de Brodie (1970); Seis problemas para don Isidro Parodi, A. Bioyrekin elkarlanean.  v  Intelektual kosmopolita, bere estilo original sotilak, eta erabiltzen dituen gaiek bere garaiko Argentinako idazleengandik bereizten dute. Borgesen idazkera guztiz pertsonala da, berezia, inongo eta inolako estetika edo ideologiaren mende kokatzen ez dena. Bestalde, barrokoaren oparotasuna eta isekarako joera biltzen dituen hizkuntza baten asmatzailea da.