Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Borgia

Italiako familia, Valentziakoa jatorriz. Napolin eta Erroman finkatzean beren deitura (Borja) italiar grafiara egokitu zuten. Leinu honek aginpide handia beretu zuen Rodrigo Aita Santuaren garaian (Alexandro VI.a).  v  Borgia, Rodrigo. ik. Alexandro VI.  v  Borgia, Cesar. Valentinois eta Romagnako dukea (Erroma, 1476 - Mendabia, 1507). Alexandro VI.a Aita Santuaren semea, hamasei urterekin Iruñako apezpiku izendatu zuten eta hogei bete baino lehen aitak Valentziako artzapezpiku eta kardinal izendatu zuen. Bere anaia Giovanni hil zutenean, Cesaren beraren manuz antza, Elizako kapitain jeneral karguan jarraitu zitzaion anaiari. 1498an, gorputza sifiliak desitxuratua ordurako, erlijio bizitza utzi zuen, eta, Frantziako Luis XII.aren gortera joanda, Valentinoisko duke izendatu zuen erregeak, eta Albreteko Katalinarekin ezkondu zen (1499). Frantsesen laguntzarekin Romagna ia osoaz jabetu zen, gerrari ausart eta politikari maltzur gisa jokatuz (haren aholkularien artean Makiavelo zegoen). Aita hiltzean, alabaina, haren etsaia zen Julio II.a Aita Santuak bere gotorlekua uztera behartu zuen. Gonzalo Fernández de Córdobak Napolin atxilotu zuen; Espainian bi urtez preso egon ondoren bere koinatu Nafarroako erregearen gortera ihes egin zuen (1506). Handik hilabete batzuetara hil zen agramondarren eta beaumontarren arteko gudu batean egin zizkioten zaurien ondorioz.  v  Borgia, Lukrezia. Alexandro VI. Aita Santuaren alaba (Erroma, 1480 - Ferrara, 1519). Edertasun apartekoa, aitak eta anaiak politikarako tresna gisa erabili zuten. Alexandro VI.ak Giovanni Sforzarekin ezkonarazi zuen hamahiru urte zituela (1493), baina lau urte geroago ezkontza hura baliogabe utzi zen. 1498an Napoliko Alfontso printzearekin ezkondu zen, 1500. urtean, ordea, bere anaia Cesar-ek hilarazi zuen Lukreziaren senarra. Ferrarako dukearen premu zen Alfontso de Esterekin elkartu zen hirugarren ezkontzaz (1501). Erroma betiko utzirik, anaia eta aitarengandik urrun, bizimodu berria hasi zuen; hala, artearen eta letren babesle modura jendearen begiramena irabazi zuen. Bere gorte distiratsura Ariosto, Bembo eta horien mailako artistak bildu ziren.