Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Berlin

Alemaniako hiriburua, estatu honetako ekialdean. 3.200.000 biztanle. Antzinako Brandenburgo eskualde lauaren erdian eraikia, Spree ibaiko uharte batean jaso zen lehen Berlin; gero, mendebalera eta hego-mendebalera, Spree ibaiaren eskuinaldera, zabaldu zen arian arian, Kölln hiria erabat barne hartuz. Egungo Berlinek 884 km2 ditu; ubide sare zabal batek zeharkatzen du hiria (Elba eta Oder ibaiekin loturiko Havel eta Spree ibaiak).  
 v  Historia. 1237. urte aldean eraturiko hiria da. Bertako merkatuak garrantzi handi samarra izan zuen XIV. mendetik aurrera, Hansa elkartearekin harreman zuzenak izatea lortu zuelako. XV. mendearen bukaeran Brandenburgoko hiriburu egin zuten (1486). XVII. mendean etorkin askoren babesleku bihurtu zen (protestante frantsesak bereziki, Nantes-ko ediktua baliogabe utzi ondoren, 1685). Industria eta kulturagune garrantzitsua zenez Prusiako hiriburu bihurtu zen 1701ean eta aurrerapen handia izan zuen Frederiko Gilen (Friedrich Wilhelm) I.aren eta Frederiko (Friedrich) Handiaren garaian, austriarren (1757) eta errusiarren (1760) mende egon zen arren. Brandenburgoko Atea (1788) eraiki eta Unter den Linden hiribidea luzatu ondoren, Berlin Europako hiri ederrenetakoa bihurtu zen. Frederiko Gilen III.aren garaian, frantsesek hartu zuten Berlin, Lenako gudua irabazi eta gero (1806-1808). Humboldtek 1810ean sorturiko unibertsitatea dago Berlinen; ospe handia eman zion Fichte, Hegel, Bopp, Schleimacher eta abar luze batek bertan emandako irakaskuntzak. 1871. urtean, Alemaniako Inperioko hiriburu bihurtu zen Berlin. 1878ko ekainaren 13tik uztailaren 13ra Europako estatu nagusiak bertan bildurik San Stefanoko ituna aldarrikatu zuten. 1871tik 1939ra lau bider handiagoa izateraino hazi zen Berlingo biztanleria. Lehen Mundu Gerraren bukaeran (1914-1918), Gilen II.a enperadorearen aginte uztea eta Errepublikaren etorrera bizkortu zituen langile iraultza espartakista piztu zen Berlinen. Altxamendua gupidarik gabe zapaldu ondoren, langileen higikunde ezkertiarra ahuldu egin zen eta nazismoak irabazi zuen aginpidea hamalau urteren buruan (1933). Gogor bonbardatu zuten Bigarren Mundu Gerran. Oste nazien eta Zukov mariskalak gidaturiko gudaroste sobietarraren arteko gudu sutsuak gertatu ziren, 1945eko maiatzaren 2an soldadu sobietarrak nagusitu, eta Berlinen sartu ziren arte. Gerra bukatu zenean, hiria lau eremutan banatu zuten Potsdameko akordioen arabera (sobietarren jabegoa, Estatu Batuena, Frantziarena eta Ingalaterrarena, aliatuen agintepean). Alabaina, sobietarren eta Estatu Batuen arteko arazoak zirela kausa, ekialdeko Berlin blokeatzea erabaki zuten sobietarrek. Sobietarren mendeko Sortaldeko Alemaniaren barnean zegoen Sartaldeko Berlinekiko airezko zubia antolatu zuten Sartaldeko hiru estatuek beren aldea hornitzeko. 1949. urtean Sartaldeko Berlin hiru eremutan (Estatu Batuena, frantsesa eta ingelesa) banaturiko land federala bihurtu zen, eta Ekialdeko Berlin Ekialdeko Alemianiako hiriburu. 1958an indarrik gabe utzi zuten akordioa eta 1961ean, Sartaldeko Berlina igarotzen ari zen jende kopurua gero eta handiagoa zela eta, Alemaniako Errepublika Demokratikoko agintariek hiria bitan banatuko zuen harresia eraikitzea erabaki zuten. 1989ko azaroaren 9an harresia eraitsi eta bi Alemaniak bat egin ondoren (1990eko iraila), Berlin Alemaniako hiriburu izendatu zuten berriz ere (1991ko ekaina).        
 v  Sartaldeko Berlin. 1949tik 1990ra izen honekin iraun zuen Berlingo aldea, Alemaniako Errepublika Demokratikoak jira guztian inguraturik zeukan. Sartaldeko Berlinek alderdi frantsesa (Reinickendorf), britainiarra (Spandau, Tiergarten, Charlottenburg, Wilmersdorf) eta Estatu Batuena (Kreuzberg, Neukölln) hartzen zituen. Kurfürstendamn ardatz nagusiaren inguruan antolatua zegoen. Sartaldeko Berlin hiri berri berriak, Charlottenburg gaztelua baizik ez zuen gorde gerra aurreko eraikuntza handietatik. Industriagune guztiz garrantzitsua: mekanika eta elektroteknia industriak (AEG, Siemens), argitaletxeak eta arte grafikoak. Unibertsitate Librea, museo garrantzizkoak (Die Brücke, Dahlem museoa), Opera.
 v  Sortaldeko Berlin. 1949tik 1990ra izen horrekin iraun zuen Alemaniako Errepublika Demokratikoaren hiriburua. Sortaldeko Berlin Spree ibaiko uhartetik Pankow (Gobernuaren egoitza), Weissensee, Lichtenberger, Treptow, Köpenick eta Schönefeld (aireportua) aldirietara hedatzen zen. Bi hiribide nagusi:Unter den Linden berritua eta Karl Marx Allee berria, garai hartako estilo estalinistaren moldeei jarraituz egin zena. Alexanderplatz ospetsua, erabat berritu zen, irizpide modernisten arabera. Bigarren Mundu Gerrako bonbardaketek ukitu ez zituzten eraikuntza gehienak Linden-Forum auzoan daude. Sankt Edwige katedrala (1747-1773), Santa Maria eliza eta Opera Nazionala dira aipagarrienak. Eraikuntza moderno ugari: telebista dorrea (250 m), Interhotel Stadt Berlin, Alexanderplatz, etab. Sortaldeko Berlin oso industriagune garrantzitsua da (siderurgia, metalurgia, mekanika eta elektrizitate industriak, kimika industriak, janari industria). Unibertsitate garrantzizkoa (Humboldt unibertsitatea), opera, antzerkia (Brecht-ek sortu zuen Berliner Ensemble ospetsua bereziki) eta museo aberatsak Museoen uhartea delakoan: Galeria Nazionala (XX. mendeko margolanak) eta Pergamoko Museoa (antzinateko bilduma guztiz baliotsuak: Mesopotamiako, Greziako, Egiptoko eta abarreko artea).