Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Berlioz, Hector

Musikagile frantsesa (La Côte-Saint-André, Isère, 1803 - Paris, 1869). Medikuntza ikasketak utzi eta Parisko kontserbatorioan sartu zen 1826an; han Lesueur eta Reicha irakasle ospetsuekin ikasi zuen. Garai hartakoak dira haren lehen lanak: Ouverture des Francs-Juges (1828); Huit scènes de Faust (1829); La dernière nuit de Sardanapale (1830), Erromako saria irabazi zuena, eta Symphonie Fantastique delakoa, haren lehen lan bikaina (1830). Italian urte t’erdi egon ondoren Harriet Smithson antzezle ingelesarekin ezkondu zen (1833). Harold en Italie (1834) sinfoniarekin arrakasta handia izan bazuen ere, Journal des débats kazetarako egiten zuen musika kritika bizibiderik behinena izan zen Berliozen bizitza guztian (1835-1864). Ondoko lanek —Requiem meza (1837), Benvenuto Cellini opera (1838), Roméo et Juliette sinfonia dramatikoa (1839)— ez zuen ez entzulegoaren ez kritikaren aldetik harrera onik izan. Hala ere, kontserbatorioko liburutegiko arduradun izendatu zuten eta Paganiniren ezagutza publikoa bereganatu zuen (1839). Estuasunak eta famili bizitzaren gozogabeak hartaraturik, Belgikara ihes egin zuen María Recio izeneko kantari espainar gaztearekin (1842) eta beronekin ezkondu zen (1854) lehenengo emaztea hil zenean. Modu horretan hasi zen Berliozen Europako ibilia: Alemania, Austria, Erdialdeko Europa, Errusia eta Ingalaterra bisitatu zituen urteroko itzulietan, 1867ra arte, zenbaitetan arrakasta eta bestetan porrota izaten zuela. Urte horietan Mendelssohn, Wagner, Meyerbeer eta Liszten adiskidetasuna eta sostengua bereganatu zituen, bai eta Berlin, Weimar, Praga, Viena edo San Petersburgoko publikoaren ezagutza ere. 1862an bigarren emaztea hil zitzaion. Galera honek sortu zion bihozminak eta izandako porrotek osasuna hondatu zioten. Nizan apoplexiak jota, Parisa itzuli zen hiltzera.  v  Ahotserako musikaren alorrean, Berliozek berrogeiren bat melodia eta erromantza (1823-1850), sei kantata, Requiem bat (1837) eta Te Deum (1855) bat utzi zituen. Orkestrarako musikari dagokionez, goian aipaturikoez gainera beste zenbait obertura egin zituen: Waverley (1828), Le Roi Lear (1834), Carnaval romain (1844), Le Corsaire (1855), Beatrix et Benedict (1862). Partitura dramatikoak: Benvenuto Cellini opera (1838); La damnation de Faust elezahar dramatikoa (1828-1846); L’enfance du Christ trilogia sakratua (1854); Beatrix et Benedict (1833-1862); Les troyens tragedia lirikoa (1855-1858). Teoriko, bidaiari eta kritikari zen aldetik argitaratu zituen zenbait lanen tituluak hauek dira: Traité d’instrumentation et d’orchestration (1844), Voyage musical en Allemagne et en Italie (1844), Les Soirées de l’orchestre (1852), Les Grotesques de la musique (1859), À travers chants (1861), Mémoires (1870).  v  Frantziako musika erromantiko egilerik garrantzitsuena da bere garaian musikari bitxi gisa ikusia bazen ere; gaur Berlioz inspirazio oparoa erakutsi zuen melodigiletzat eta harmoniaren berritzailetzat hartzen da eta gure egunotaraino iritsi den estilo polifoniko baten asmatzailea ere izan zen.