Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Berlant, Tony

Estatubatuar artista (New York, 1941). UCLA Unibertsitatean egin zituen ikasketak; 1963an lortu zuen margolaritzako master titulua eta hurrengo urtean eskulturakoa. Ikasle garaian collageak egiteko zaletasuna erakutsi zuen. Veneziara aldatu zen eta han ari zela aurkitu zuen bere karrera ezaugarritu zuen materiala, metala hain zuzen ere. Harrezkero eztainua erabiltzen du bere piezak eraikitzeko, koloreen arabera ordenaturiko pilak osatuz. Berlanten iritzian zoragarria da bazter utzitako materialak bildu eta haiek erabiliz bitxiak egitea. Ez ditu bere piezak margotzen eta eraldatzen, baina egin ahal dituen aldaketa gehienak egiten ditu gainerakoan, materialek bere jatorria adierazi ordez zerbait berria osa dezaten, beste zerbait izan daitezen. Bestalde, eta haurretatik bildumazale amorratua izaki, navajoen oihalen bilduma bikaina osatu du. Bere ustez, benetako bitxiak izatez gainera, beren egileen sinesmenak, bizimodua eta abar islatzen dituzte. 1980az gero zenbait obra publiko handi egin ditu, adibidez Los Angelesko metrorako, San Franciscoko aireporturako eta Minneapolisko Arte Instituturako besteak beste. Bere obrak Estatu Batuetako hainbat museotan eta galeriatan izan dira ikusgai.