Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Beck, Jeff

Gitarra-jotzaile britainiarra (Surrey, 1944). Blues zein rock musikako britainiar gitarra-jotzailerik onenetariko bat da. 1963an Eric Clapton-en lekua hartu zuen The Yardbirds taldean, eta 1966an Jeff Beck Group sortu zuen, Ron Wood eta Rod Stewartekin batera. Talde horren zuzeneko saioak garai hartako indartsuenetarikoak ziren. Truth (1968) eta Beck Ola (1969) bere taldearekin grabatu zituen diskorik onenetako bi dira. Gero, Ron Wood eta Jeff Beckek taldea utzi zuten, eta Beckek arrakasta handia lortu zuen Blow by blow rock diskoarekin (1975). 1977an jazz-rock estiloko disko bat plazaratu zuen, Jeff Beck with the Jan Hammer Group, eta 1980an There and back, musikari berriekin. Harrezkero, ongintzazko kontzertu banaka batzuetan baino ez zuen parte hartu, baina 1985ean Flash diskoa grabatu zuen, antzinako lagun batzuekin. Mick Jaggerrek bakarka egindako lehen bi diskoetan parte hartu zuen, 1986an eta 1987an. 1989an Guitar Shop lana grabatu zuen, eta orduz geroztik Jeff Becken kanta-bildumak besterik ez da argitaratu.