Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bécaud, Gilbert

(Jaiotza izena, François Silly). Musikagile eta abeslari frantsesa (Toulon, 1927 - Paris, 2001). Nizako Kontserbatorioan egin zituen ikasketak eta, haiek amaitutakoan, bere lehen abestiak sortu zituen, Louis Amaderen testuekin. Gero, Pierre Delanoërekin batera aritu zen, eta haien lehen abestiak, Mes mains izenekoak, arrakasta handia izan zuen. Jendeak oso harrera ona egin zien Le jour où la pluie viendra (1957) eta Et Maintenant (1962) abestiei ere. Bécaud gaztearen musika indartsua arian-arian apalduz joan zen, eta 1965erako De Gaulle jeneralaren abeslari kuttuna zen. Bécaudek eszenatokian antolatzen zituen ikuskizunak oso deigarriak ziren, eta abestiek baino gehiago erakartzen zuten jendea. Hauek dira Gilbert Bécauden abestirik ezagunenetako batzuk: Je reviens te chercher, C’était mon copain, Le Rideau rouge, La solitude, Dimanche à Orly eta Qui a volé l’orange?