Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Beauvoir, Simone de

Frantses idazlea (Paris, 1908 - Paris, 1986). Goi-burgesiako familia batean sortua, gaztetatik familia giroko tradizioak eta fedea alde batera utzi zituen. Filosofia irakasle izan zen Marseillan, Erruanen eta Parisen. 1943an irakaskuntza utzi zuen bere lehen eleberria (L’Invitée) agertzean. Harrezkero, bidaia anitz egin zuen, saio soziopolitiko batzuen iturri izan zirenak: L’Amérique au jour le jour (1948); La Longue Marche (1957), orduko Txinari buruzkoa. Sartreren bizilaguna, beronen pentsamenduarekin ere bat eginik, Beauvoiren lanek mezu bereziak dituzte, edozein genero darabilela ere (eleberria, saiakera edo biografia), helburu etiko filosofikoak dira haietan nagusi. Gizonaren askatasuna erabatekoa ez dela adierazi nahiz, pertsonen arteko harreman zailak azaltzeari ekin zion, gizon eta emakumeen arteko benetako harreman zuzenak finkatzen saiatuz: Le Deuxième Sexe (1949). Goncourt saria merezi izan zion Les Mandarins (1954) eleberrian intelektualen konpromiso politiko eta moralaren auzia lantzen du. Pour une morale de l’ambigüité (1947) saioan ere gai horixe bera darabil. Etika horren bilaketa ere Beauvoireren eleberrigintzaren eta idazki autobiografikoen gaia da: Les Mémoires d’une jeune fille rangée (1958); La Force de l’âge (1960); La Force des choses (1963); Une mort très douce (1964). Haren lanetan tradizio eta konformismoarekiko hausnarketa kritikoa islatzen da, baita bizitzaren distira anitzarekiko maitasun bortitza ere. La Vieillesse (1970) eta Tout compte fait (1972) dira bere azken lanak.