Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

beaumontar

iz. eta izlag. Nafarroako XV. eta XVI. mendeetako gerra zibiletan (1451-1512), Leringo konde eta Nafarroako kondestable Luis de Beaumonten aldekoez esaten da. Agramondarren etsaiak, beaumontarrak Vianako printzearen alde agertu ziren, Joan I.aren aita eta Aragoiko erregearen aurkako gerran. Agramondarrak Aragoiko erregearen alde jarri ziren. Agramondarren eta beaumontarren arteko gatazkak Nafarroa Beherean hasi ziren XIV. mendean, Luxe eta Agramont familiak etsai bihurtu zirelarik. 1384. urtean Karlos Noblea Nafarroako erregeak bakea ezarri zuen arren, gerra giroa Zuberoara igaro zen eta, geroago, Nafarroa Garaira. Karlos III.a erregea hil zenean (1425), erregetzarako gutizia nahasi zen bi alderdien arteko gatazkan. Karlos erregearen alaba eta Aragoiko Joan erregearen emazte Zuriaren esku geratu zen koroa. Zuria erregina 1441. urtean hil zen, Vianako Printzea, bere semea, ondorengotzat utzi ondoren. 1439ko testamentuan, hala ere, Zuria erreginak Vianako printzea adin nagusiko izan artean Joan bere senarra erregeorde izan zedin gomendatu zuen. Gerra 1451. urtean hasi zen; Beaumont eta Luxe etxeek bat egin zuten Vianako Printzea legezko erregegaiaren alde eta ordura arteko luxe-koek beaumontar izena hartu zuten. Joan Aragoikoaren alde jarri ziren, bestalde, Agramont, Peralta eta Nafarroako etxeak. 1451n, agramondarrek beaumontarrak garaitu eta Vianako Printzea atxilo hartu zuten Oibarren. Beaumontarrak kataluniarren alde borrokatu ziren Aragoiko erregearen aurka, eta agramondarrek Aragoiko erregeari lagundu zioten (1460). Printzea 1462. urtean hil zenean, pozoituta dirudienez, gerra ez zen amaitu. 1471. urtean beaumontarrak Eleonor erreginagaiaren aurka altxatu ziren eta Nafarroa bi alderditan banatu zen aurrerantzean. 1479an hila zen Joan erregearen semeak, Fernando Aragoiko erregeak Gerra zibil hauek ekar ziezaioketen onurez konturatuta, sua kitzikatu baizik ez zuen egin eta Nafarroa, ahulduta eta gidaririk gabe, Gaztela-Aragoiko koroaren esku geratu zen 1512an beaumontarrek lagunduta, Nafarroa Beherea izan ezik. Nafarroako koroa Donibane Garazin, agramondarren eta luxekoen arteko gatazkak XVI. mendean barrena luzatu ziren, Nafarroaren hondamena baizik ekarri ez zutelarik.