Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bartolomeo

edo Bartolommeo della Porta, Fra. (Baccio ere deitua) Italiar margolaria (Soffignano, 1472 - Florentzia, 1517). Cosimo Rosselliren ikaslea. Hasieran Perugino eta, batez ere, Leonardo da Vinciren eragina agertu zuen; gero, Michelangelorena eta Rafaelena. 1500ean dominikarren ordenan sartu zen eta geroago, Savonarolaren jarraitzaile baitzen, bere lehenagoko lan profanoak erre zituen. Bizitzaren parte gehiena Florentzian eman zuen, baina Veneziara (1508) eta Erromara (1514) egindako bidaietan teknika eta estilo berriak beretu zituen. Haren margolanak Quattrocento-tik Errenazimentu beterako pausoa islatzen du. Bartolomeoren lanean ikuspuntuaren zentzua eta erliebearen bilakuntza ageri dira nabarmen, bere-berea den sfumato eta contraposto-aren erabilera efektistarekin batean. Lan gehienak Mariotto Albertinellirekin batera egin zituen, anagrama moldean biek batera izenpetzen zituztelarik. Zenbait lan: San Bernardoren ikuspena (1503), Santa Katalinaren ezkontza mistikoa (1512), Azken Judizioa, Ama Birjina santuez inguratua (1508), Kristo (1517), Savonarolaren erretratua.