Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arrieta, Luis Javier

Gipuzkoar margolaria (Arrasate, 1945). Ikasketak Eskola Politeknikoan egin zituen, eta Industria Magisteritza titulua eskuratu zuen. Fagor enpresan egin du lan. 1990ean hasi zen margotzen Bergarako pintura eskolan, Jon Balentziaga irakaslearekin. Geroxeago, bi urtez, Arrasateko Monterron Jauregiko ikastaroetan parte hartu zuen, Imanol Moreno eta Cesar Cimiano irakasleekin. Abdon Juaristi, Luis Laskurain, Clara Gangutia eta Julian Ugarte margolariak ere izan ditu irakasle. Bere pintura hiperrealismoaren mugan dago eta inpresionismoak eraginda, marrazkiaren eta kolorearen garbitasunean bilatzen du zehaztasuna. Arrasate Margo Taldearen sortzaileetariko bat da. Batez ere talde honekin egin ditu erakusketa gehienak, nahiz eta bakarkako agerraldiak ere egin dituen. Bere aurreneko bakarkako erakusketa 1999an egin zuen, bere jaioterriko Harresia erakustokian.