Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Apollinaire

, Guillaume. (Wilhelm Apollinaris de Kostrowitsky) Frantses idazlea (Erroma, 1880 - Paris, 1918). Ikasketa ezohikoak egin zituen, eta familiako irakasle postu bat lortu zuen Renanian (1901-1902); lanbide horri esker, Alemania eta Austria-Hungarian zehar bidaia ugari egin ahal izan zituen. Parisa joanda, bere lehen lanak argitaratu zituen literatura aldizkarietan, eta A. Jarry eta beste zenbait literaturagile gazte ezagutu. Arte kritika egin zuen, bere lagunen joera berrien alde eginez: Picasso, Braque, Dufy, Matisse, Rousseau… 1909an lehen liburua argitaratu zuen, L’Enchanteur pourrissant (Liluratzailea usteltzen). Gero L’Heresiarque et compagnie (1910) ipuin bilduma ondu zuen. Le Bestiaire ou Cortège d’Orphée (1911) fantasia poetikoaren ondoan, bere poema hoberenen bilduma plazaratu zuen: Alcools (1913). Poesia modernoaren obra nagusi honek 1908 eta 1913 artean moldaturiko lanak biltzen ditu. Urte berekoa da Les peintres cubistes. Lehen Mundu Gerra hastean frantses armadan sarturik (1914), eta zauritu egin zuten1916 urtean. Berriro Parisa itzulirik, abangoardiako aldizkari nagusietan esku hartu zuen. 1917an poema liburu berri bat argitaratu zuen, Vitam impendere amori, bai eta autoreak berak «drama surrealista» deitu zuen lana guztiz orijinala: Les Mamelles de Tirésias (Tiresiasen Titiak). 1918an Calligrammes agertu zen, ospetsuak egin ziren poema grafikoen bilduma; urte berean ezkondu zen. Gripe «espainiarrak» jota hil aurretik 1918an bertan kronika poetikoen bilduma bat argitaratu zuen: Le Flâneur des deux rives (Bi ertzetako pasealaria). Hil ondoren agerturiko zenbait lan: La femme assise (Emakume eseria, 1920); Ombre de mon amour (Ene amodioaren itzala, 1947); Lettres à Lou (Louri gutunak, 1955).  v  Margolari lagunekin batean laster igarri zuen nondik abiatuko ziren surrealismoaren aitzindariak. Horrenbestez, arte modernoaren lehen aldarrikatzaileetakoa da. Bere poesia, forma ausardiak gorabehera (puntuazio zeinuen ezabapena, berritasun tipografikoak, etab.), lirismo bikainekoa da, tonu xumean adierazia eta zirrara bigunaren sortzailea.