Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ali, Zine el-Abidine Ben

Tunisiar militar eta politikaria (1936). 1987. urtetik aurrera Tunisiako Errepublikako presidentea. Frantziako Saint-Cyr eskola militarrean hezi zen. Estatu Nagusiko diplomaren jabe da, eta 1979. urtetik aurrera armadako jenerala. Gaztetan Habib Burgibaren Alderdi Sozialistaren kide aktibo izan zen eta, hori zela-eta, 1952. urtean kartzelatu egin zuten. 22 urte besterik ez zituela, Tunisiako Segurtasun Militarraren Buru izendatu zuten. Tunisiako Herrizaintzako ministro eta Lehen ministro izendatua izan ondoren (1987), Habib Burgiba presidentea kargutik kentzen lagundu zuen “gobernatzeko gaitasunik” ez omen zuela-eta (1987ko azaroaren 7an). Berak hartu zuen orduan presidente kargua, armadaren eta gobernuaren gehiengoaren laguntzaz. Tunisia baketzen eta demokraziaren bidetik eramaten ahalegindu zen, musulmanak errespetatuz baina bere aurrekoak bultzatutako modernotasunaren bidetik atera gabe. Talde Konstituzional Demokratiko boteretsuaren laguntzaz (RCD), beste bost urterako aukeratu zuten 1994ko hauteskundeetan (hirugarren agintaldia), emandako botoen % 99,80rekin.