Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ali Bey

(Doménec Badía y Leblich) Kataluniar abenturazalea (Bartzelona, 1767 - Damasko, 1822). Arabiera ikasteari ekin zion oso gazterik. Ali Bey printze abbasiarra zelako itxurak eginez Ipar Afrika kurritzeko plana aurkeztu zion Godoyri, eta honek bidaldia onartu eta ordaindu egin zuen. Bidaiak zituen diplomazi alorreko asmo ezkutuak hutsean geratu ziren, baina Maroko, Tripoli, Grezia, Zipre eta Egipto zeharkatu zituen. Erromes izan zen Mekan bertan, eta hango santutegiaz berri zehatzak ematen lehen mendebaldarra izan zen. Gero, Palestina eta Sirian barrena, Konstantinoplara iritsi zen (1807). Bertan bizia galtzeko arriskutan ibili zen, salakuntza bat zela eta, benetan nor zen konturatu baitziren. Frantsestutzat hartua, ezin izan zen bere herrialdera itzuli. Ekialdera abiatu zen beste bidaia batean, Frantziaren zerbitzutan oraingoan, eta hartan beherako larriaz hil zen, Damasko ondoan. Bere bidaien berri utzi zuen 1814an frantsesez argitaratu liburuan (Voyages, Bidaldiak).