Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alia, Ramiz

Albaniar politikaria (Shkodër, Albania, 1925). 1985-1992 bitartean bere herriko buruzagi politiko nagusia izan zen. Bigarren Mundu Gerran Albaniako Nazioaren Askapenerako Armadaren komisario politikoa izan zen. 1955ean Albaniako Gazte Komunisten idazkari nagusi izatera pasa zen. 1961etik aurrera Laneko Alderdiaren Politburoko kide izan zen, eta 1982an estatuburu aukeratua izan zen Herri Asanbladaren lehendakari gisa. 1985ean, Enver Hodja hil zenean, haren tokia hartu zuen Laneko Alderdiaren idazkari gisa, eta Albaniako egiazko buruzagi bihurtu zen era horretan. 1987an Estatuburu aukeratu zuten berriro eta aldaketa politikoak egiten hasi zen pixkanaka, alderdi aniztasuna eta legegintzarako hauteskundeak ezarriz. 1991ko apirilean errepublikaren lehendakari atera zen eta hilabete geroago utzi zuen Laneko Alderdia. 1992an, kargua utzi zuen. 1994. urtean bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten boterean zegoela gehiegikeriak egiteagatik eta giza eskubideak urratzeagatik. 1996an, Albanian zegoen kaosaz baliatuz, espetxetik ihes egin eta Suediara jo zuen babes bila. 1997an asketsi egin zuen Tiranako epaitegi batek.