Departamento de Cultura y Política Lingüística

Dominikar Errepublika

(Gazt., República Dominicana). Amerika Erdialdeko errepublika, Antilla Handietan, Ozeano Atlantikoaren eta Karibe Itsasoaren artean. Hispaniola edo La Española uhartearen ekialdeko partea hartzen du; uhartearen gainerako partea Haitiko estatua da (frantses kolonia izana). 48.442 km2 eta 9,523,209 biztanle (2008ko estimazioa, dominikarrak), mulatoak gehienak. Hiriburua: Santo Domingo. Hiri garrantzitsuak: Santiago de los Caballeros eta San Francisco de Macoris. Hizkuntza: espainiera. Dirua: dominikar pesoa. Kolonek aurkitu zuen 1492. urtean, eta espainiarrek Ameriketan izan zuten lehen gunea izan zen (Hispaniola, egungo Haiti).  v  Orografia. Erdialdeko mendialdea ipar-ekialdetik hego-ekialdera luzatzen da, iparraldean Montecristi mendikatea, eta hegoaldean Bahoruco mendikatea. Erdialdeko mendialdea eta Bahoruko mendikateen artean Neiba ibarra dago. Ibairik garrantzitsuenak Iparraldeko Yaque, Hegoaldeko Yaque eta Yuna dira.  v  Klima. Tropikala da. Baso tropikaletako landareak dira nagusi. Sabanak hedadura handia du. ■ Gobernua eta administrazioa. Lehendakaritzazko errepublika da. Konstituzioa 1966ko azaroan onartu zen, eta 1994an berrikusi. Dominikar Errepublika 29 probintziak eta barruti batek osatzen dute: Azua, Baoruco, Barahona, Dajabon, Distrito Nacional, Duarte, Elias Pina, El Seibo, Espaillat, Hato Mayor, Independencia, La Altagracia, La Romana, La Vega, Maria Trinidad Sanchez, Monseñor Nouel, Monte Cristi, Monte Plata, Pedernales, Peravia, Puerto Plata, Salcedo, Samana, Sanchez Ramirez, San Cristobal, San Juan, San Pedro de Macoris, Santiago, Santiago Rodriguez, Valverde. ■ Biztanleak. Hispaniolako uhartea arawak indiarren gune nagusietako bat zen, Antillen baitan, espainiarrak iritsi aurretik (1492). Haien kolonizazioak sekulako txikizioa eragin zuen indiarrengan, lapurretak, eritasunak eta lan behartua zirela-eta. Indiarrak desagertuta, espainiarrek esklaboak eram0an zituzten Afrikatik; alabaina, esklabotasunak ez zuen sekula izan han uhartearen mendebaleko partean, frantsesen mende, izan zuen neurria. Dominikar Errepublikako biztanleak, beraz, europar kolonoen eta amerikar esklaboen mestizaje luze baten ondorengoak dira. Badira, bestalde, talde txinatarrak eta japoniarrak, eta Haititik, eta orobat Kubatik, Jamaikatik eta Guadalupetik, milaka heldu dira etorkinak, nahiz eta 1930-1961 urteetan, Rafael Leónidas Trujillo y Molina diktadorearen garaian, politika arrazista bultzatu zen, Europatik biztanle zuriak erakartzeko helburua zuena. ■ Biztanleak urbanoak dira gehienbat (% 65), 1970eko hamarraldian oldeka jo baitzuten landa aldetik hirietara. Santo Domingon, San Pedro de Macorisen eta La Romanan daude gehienbat bilduak, herrialdearen hegoaldean, eta Santiago de los Caballerosen, iparraldean. Antilletan oro har gertatzen den bezala, biztanleria gaztea da (% 35 dira hamabost urtetik beherakoak). Gobernua jaiotza kopurua arautzen saiatu den arren, emakortasun (3,03 haur emakumeko, 1999) eta hazkunde naturalaren tasak (% 1,9 urteko) aski altuak dira oraindik ere. Dominikar askok alde egin du atzerrira lan bila, eta aldi berean, legez kanpoko langile asko iristen da Haititik Dominikar Errepublikara. Azkenik, analfabetismoa arazo larria da oraindik ere herriaren garapenerako: 1995ean, hamabost urtetik gora, % 18koa zen. ■ Ekonomia. Dominikar Errepublika Karibeko eskualdeko herrialde pobreenetako bat da: 1995. urtean, biztanleko Nazio Produktu Gordina 1.442 dolarrekoa zen. Ekonomia ahula da, eta nekazaritzan oinarritzen da batez ere; mendekotasun hori orekatua izan da eskulangintzak hartu duen indarrarekin, eta, batez ere, urteotan sortu den turismoarekin. Garapen ekonomikoak ordea egiturazko oztopo handiak ditu, adibidez, elektrizitatearen hornikuntza, bai partikularren kasuan, bai enpresenean. Bestalde, oraindik sumatzen dira 1970eko hamarraldian izan zen ekonomiaren beherakada izugarriaren ondorioak. Bi faktorek eragin zuten beheraldi hura: batetik, azukrearen esportazioaren sarreren jaitsialdi ikaragarriak, eta bestetik, energia gastuen igoera handia. Herrialdeak kiebra jo zuen ia. Horri erantsi behar zaio aginpidearen ustelkeria sistematikoa, eta agintari politikoek amerikar multinazionalekiko duten mendekotasuna. Errepublikak Nazioarteko Diru Funtsaren eskakizunak bete behar izan ditu, egiturazko berrikuntza garrantzitsuak, funtzionario publikoen gehiegizko kopurua murriztea besteak beste. Baina neurri horien aplikazioak eragin sozial beldurgarriak izan ditu, bizimodu garestiaren eta miseriaren kontrako altxamenduak ekarri dituena. Biztanleriaren erdia baino gehiago langabezian dago eta enplegu txarretan, eta kanpoko zorra izugarria da. 1998. urtean, hondamen handiak eragin zituen zikloi batek. ■ Esportazio gai nagusiak azukrea eta ferronikela dira. Errepublikak petrolioa, kontsumo gaiak eta elikagaien parte handi bat inportatzen ditu. Merkataritza harremanei dagokienez, Estatu Batuak dira kide nagusia, eta ondoren, askoz atzerago, Mexiko eta Japonia. 1998an Karibeko Komunitatearekin (Caribecom) truke libreko hitzarmen bat izenpetu zuen. Azukre kanabera da esportatzen den nekazaritzako gai nagusia, banana, kakao eta kafearen aurretik. Azukrearen industriak ordea galera handiak izan ditu azken urteotan, produkzio maila asko jaitsi baita. ■ Industriak NPGaren % 22 suposatzen du, eta biztanle aktiboen % 25etik gora hartzen ditu. Ferronikelaren ekoizpenean oinarritzen da batez ere, eta askoz garrantzi gutxiago badute ere, urre eta zilarraren erauzketan. Eskulangintza hiriburuan dago batez ere bildua, eta hazkunde handia izan du azken urteotan. Lantegi txikiak dira, eta nekazaritza ekoizpenen eraldaketan daude asko espezializatuak. ■ Herrialdeko paisaia harrigarriek erakarrita, asko indartu da turismoa, eta, hala, Dominikar Errepublika bilakatu da Antilletako turismogune nagusia. Hala, 1990eko hamarraldian, urteko milioi bat turista joaten zen bertara. Errotik hobetu da hotel eskaintza eta jendea hartzeko azpiegitura, eta bisitarien kopuruak gora eta gora egiten du; dibisetan sartzen den dirua urteko mila milioi dolar baino gehiago da. ■ Historia. Kolonek aurkitu zuen 1492. urtean eta espainiarrek Ameriketan izan zuten lehen gunea izan zen (Hispaniola, egungo Haiti). Ryswick-eko itunaren ondorioz, Frantziaren eta Espainiaren artean banatu zen uhartea 1697. urtean. Independentzia 1821ean aldarrikatu bazen ere, 1844 arte ez zen indarrean jarri. Estatu berriak aurre egin behar izan zien haitiarrei lehendabizi, eta Estatu Batuek babesturiko diktadoreari gero (Rafael Trujillo diktadorearen garaia, 1930-1961). Garai hartan zapalkuntza ikaragarria izan bazen ere, ezin uka daiteke ekonomiaren garapena Estatu Batuen laguntzari esker iritsi zitzaiela. 1965. urtean Estatu Batuek Dominikar Errepublikari eraso eta Balager kontserbadorea ezarri zuten agintari. 1978. urtean A. Guzmanek hauteskundeak irabazi ondoren, armadako 23 jeneral bidali zituen erreserbara. 1986. urteko hauteskundeetan J. Balaguerrek berriro eskuratu zuen aginpidea. ■ Azken urteak. 1986ko hauteskundeen ondoren –biolentzia izan zuten ezaugarri nagusia–, J. Balaguer politikagintzara itzuli zen; zaharra izan arren, eta itsua ia, oraindik ere erabakigarria zen bere herriko bizitza politikoan. Balaguerrek iruzurraren eta ustelkeriaren usadioari heldu zion, berriz, 1990-1994 urteetan aginpidea ez galtzeko. Giro politikoa gero eta nahasiagoa zelarik, eta gero eta indartsuagoa oposizioa, agintaldia laburtzea onartu behar zuen J. Balaguerrek, eta ez zuen parte hartu 1996an egin ziren lehendakaritzako hauteskundeetan. Hauteskunde haietan Leonel Fernández irten zen garaile, Dominikar Liberazioko Alderdikoa (PLD), J. Boschek sorturikoa PRDtik alde egin ondoren. 2000ko hauteskundeetan, presidentearen alderdiak (PLD) beherakada garrantzitsua izan zuen, PRD alderdiaren onerako, eta Hipolito Mejia irten zen garaile. Gobernu berriak berrikuntza handiak egin zituen ekonomiaren eta gizartearen alorrean, baina ezegonkortasun ekonomikoaren ondorioz, atzerriko kapitala zuten enpresa asko atera egin ziren errepublikatik; 2003. urtean krisia larritu egin zen. 2004ko hauteskundeetan Leonel Fernándezek irabazi zituen berriro ere hauteskundeak, eta ahalegin handia egin zuen krisiari aurre egiteko; dena dela, hazkunde ekonomikoarekin batera ustelkeria kasu nabarmenen berri izan zen garai horretan. 2008ko hauteskundeetan Leonel Fernández irten zen berriro ere garaile. ■ Inguruko herrialdeekiko harremanei dagokienez, zail samarrak dira Dominikar Errepublikaren eta bere auzo Haitiren arteko harremanak, aurrenekoak Haitik joandako etorkinak tratatzen dituen modua dela-eta. Dominikar Errepublikako presidentea Haitira bisitaldi ofizialean joan izanak (aurreneko aldiz hirurogei urtean), bi herrialdeen arteko harremen hobetzearen adierazgarri izan da. Bestalde, Dominikar Errepublikak Kubarekiko harremanak ezarri ditu ostera, berrogei urteko eten baten ondoren.
http://www.presidencia.gob.do/app/frontpage.aspx