Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea

Sarrera | Ibilbidea irudietan

Busturia

  • San Migel ermita. Altamira auzoan dago, eta eraikuntza moldearen aldetik, gehiago dirudi eliza ermita baino.
    Busturia. Eliza


    1952. urtetik hona Altamirako parrokia da. Auzoko erdigunean dago. Hormak harlangaitzezkoak ditu, harlanduzko ertzekin. Hiru isuriko teilatua du, elizdorrea eta atari bat. Irailaren 29an, San Migel egunarekin batera, jaia ospatzen da. Antzina, jendea Busturiko parrokiatik bertatik joaten zen bertaraino erreguteak eginez, parrokia horren alberria baitzen.


  • Txirapozu jauregia. Altamira auzoan dago. XVIII. mende bukaerako egoitza neoklasikoa da. Fatxadaren goialdean Txirapozutarren armarria agertzen da. Familia ospetsu hori jauregian bizi izan zen uste askotan, baita haien ondorengo Jose Mari Uzelai margolari famatua ere. Fatxadaren erdialdean Sortzez Garbiaren irudia dago, eta horren behealdeko inskripzioan jauregia altxatu zeneko data irakur daiteke. Etxeak eguzki-erloju bi ditu.
  • Alarbin Goikoa. Altamira eta Paresi artean dagoen eraikina.
    Busturia. Alarbingoikoa


    Oso ondo argitzen du burdinolek XVIII. mendetik aurrera gainbehera joan ahala zer nolako aldaketak izan zituzten. Lehendabizi burdinola izan zen, eta gero errota. Alegia, hasieran burdina-totxoak galdatzen zituen; gero inguruko soroetako zereala eho zuen; geroago Busturiko zeramika fabrikarako kaolina xehatu eta auzoa argindarraz hornitu zuen, lehengo ur-jauzi zaharrean turbina bat egokituz. Gaur egun egoitzarako erabiltzen da.


  • Txarapiolako burdinola zaharra. Alarbin Goikoa bezalaxe, burdingintza artisanalak XIX. mendean bizi izandako gainbehera dela eta, Txarapiolako burdinola denboraren joanean errota bihurtu zen. Erreka-bazter batean dago, baina hondakin batzuk baino ez dira gelditzen.
  • Seletako burdinola zaharra eta Erle Tokia (erleak eta eztia gogora dakartzan toki-izena). Harrigarria bada ere, burdinola zaharraren barruan eztia egiteko instalazio bat dago. Modu artisanalean ateratako jaki hori Bilbon bertan saldu zen garai batean. Ez dira asko gaur egunera arte iraun duten horrelako instalazioak. Mape ibaiaren alboan dago, natura aldetik oso interes handia duen ingurune batean: galeria-basoa, hareharri-geruzen erabide geologikoa…
  • Arriatara monolitoa. Hareharrizko harritzar puntazorrotz honek 2,70 m luze du. Arritara baserriaren atzealdean dago, Sorbituaga-Arriatara monolitoak betetzen duen zelaigunean etzanda
  • Sorbituaga-Arriatara monolitoa. Enrique Arzubiagak aurkitu zuen 1983. urtean Añetu mendiaren hego-mazelan, Arriatara eta Sorbituaga baserrien artean. 2,12 m-ko garaiera eta 0,25 m-ko lodiera duen hareharrizko bloke bat da. Lehenago giza itxurako “menhir” bat zela uste zen (larre-tokiak mugarritzeko monumentu megalitikoa); duela gutxi, ordea, “harrespil” bat dela ondorioztatu da (zati batean lurpean jarrita dauden harriek egiten duten zirkulua, erdian gorpu erraustu baten errautsak gordetzen dituena). Euskal Herrian “baratz” izena ere ematen zaie, eta Burdin Aroaren hasiera aldean edo Brontze Aroaren bukaeran kokatzen da.
  • Larragoko karobia. Kare-labe hau ongi kontserbatzen da. Oin zirkularra du, lau metroko diametroa eta beste lau garaiera. Arrokan egindako zulo bat da, harlangaitzezko horma batek estalia. Oraindik kontserbatzen ditu sarrerako atea eta alboko horma-hobia. Ondarearen zatia da, Bizkaiko Foru Aldundiak zabortegiak berreskuratzeko sustatutako programari esker.
  • Eperlanda ingurua (Eperreko landa). Ahozko tradizioaren esanetan, larre hauetan sorgin-zeremonia alberdaniazkoak ospatzen ziren, herritarren artean “akelarre” izenarekin ezagutuak (akerraren larreak). Antza denez, batzar hauetan, nekromantzia eta lizunkeria nahasian, parte hartzaileek dantzari lotu eta hainbat erlijio-dogma ukatzen zituzten, aker handi baten itxurapean deabrua bera gidari zutela. Toki batzuetan “eperlanda” horixe da, “akelarre” hitzaren sinomimoa: sorginen gau-bilera. Baina herri-sineskeriak alde batera utzita, ezin ukatuzkoa da interes biziko naturgunea dela: zelai belar-finak, fruta-arbolak eta urki-unada txikiak.
  • Larragoko iturria.
    Busturia. Larrago


    Iturri-aska moduan egokitutako iturburua. Oin angeluzuzeneko eraikina, hareharrizko harritzarrez egina, oso ondo kontserbatzen da. Urte-sasoi batzuetan ur-jarioa oraindik ikusten da.


  • Larrazabaleko karobia. Karea egiteko labea. Hala-moduzko egoeran dago. Karobi gehienak bezalaxe, arrokan egindako zuloa da, harlangaitzezko horma batek estalia. Zati batean kontserbatzen ditu sarrerako atea eta alboko horma-hobia.
  • Kortazarrako teileria. Teilak eta adreiluak egiteko labe zaharra. Nahiko ondo kontserbatzen dira beheko sutegia eta goiko erretokia. Protoindustriaren instalazio hauek ez dira oso ugariak Urdaibai inguruan.