Osasun Saila

Eremu elektromagnetikoak eta osasunean duten eragina

 

Eremu elektromagnetikoei eta osasunean duten eraginari buruzko galdera ohikoenak

  • Zer dira eremu elektromagnetikoak (EEM)?

    Argiaren abiaduran, aldi berean lekualdatzen diren uhin elektriko eta magnetikoen konbinazioa da. Erradiazio gisa definitzen dira; horrekin esan nahi da uhinen bidez transmititzen den energia dela. Eremu elektromagnetikoen ezaugarri nagusiak maiztasuna eta uhin-luzera dira. Bi ezaugarri horiek zuzenean elkar erlazionatuta daude: maiztasuna zenbat eta handiagoa, are laburragoa da uhin-luzera. Maiztasuna puntu jakin batetik, denbora unitate batean, igarotzen den uhin kopurua da, eta hertzetan neurtzen da (zikloak segundoko). Uhin-luzera, berriz, uhin batetik hurrengora arteko distantzia da.
    Erradiazio elektromagnetiko batzuen eta besteen arteko alde nagusia maiztasuna da: Zenbat eta maiztasun handiagoa, are handiagoa da garraiatzen den energia kantitatea.
    Uhin elektromagnetiko batzuek energia handia garraiatzen dute; molekulen arteko loturak hausteko (ionizazioa), eta zeluletan aldaketak eragiteko adina. Material erradiaktiboek igortzen dituzten X izpiek eta gamma izpiek ahalmen hori dute; horiei erradiazio ionizatzaile esaten zaie.
    Lotura molekularrak hausteko gauza ez diren eremu elektromagnetikoei, berriz, erradiazio ez-ionizatzaile esaten zaie. Multzo horretan behe-maiztasuneko uhinak sartzen dira (hala nola, mikrouhinak, irrati-uhinak eta abar).
    Hemendik aurrera, eremu elektromagnetikoez hitz egitean, ez-ionizatzaileez arituko gara.
  • Non sortzen dira eremu elektromagnetikoak?

    Bizi garen ingurunean, eremu elektromagnetikoak nonahi daude; batzuk naturalak dira, eta beste batzuk, berriz, garapen teknologikoaren ondorio. Gehienak ez dira gizakien begiez ikusten, baina ikus ditzakegun batzuk ere badaude (ortzadarra, adibidez). Atmosferaren gune jakin batzuetan, ekaitzen eraginez, karga elektrikoak pilatzen direnean eremu elektrikoak sortzen dira. Lurreko eremu magnetikoak iparrorratzak ipar-hego noranzkoan orientatzen ditu; halaber, txoriek eta arrainek ere orientatzeko erabiltzen dute.
    Azken urteotan, energia elektrikoaren eskariaren, haririk gabeko teknologien eta gizarteko zein lan-arloko aldaketen ondorioz, eremu elektrikoak izugarri ugaritu dira. Etxean eta lantokian, guztion inguruan eremu elektriko eta magnetikoen sare bat dago.
  • Zer gailuk sortzen dituzte eremu elektromagnetikoak?

    Maiztasunaren arabera, hiru eremu elektromagnetiko mota daude. Goi-tentsioko lineek eta ohiko etxetresna elektrikoek (hozkailua, ile-lehorgailua...) maiztasun oso apaleko eremu elektrikoak eta magnetikoak sortzen dituzte.
    Ordenagailu-pantailen, lapurreten aurkako gailuen eta segurtasun-sistemen tankerako tresnek, berriz, maiztasun ertaineko eremuak sortzen dituzte.
    Azkenik, goi-maiztasuneko edo irrati-maiztasunekoak ondoko hauek sortuak izaten dira: irratia, telebista, telefonia mugikorreko antenak, telefono mugikorrak eta haririk gabekoak, Wi-Fia, Bluetootha eta mikrouhin labeak.
  • Kalterik eragiten al dute osasunean goi-tentsioko lineek?

    Gaur egun dauden ezaguerekin, ez dago adostasunik eremu elektromagnetikoekiko esposizioak osasunean izan ditzakeen ondorioei buruz; dena den, IARCek (Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentzia) maiztasun oso apaleko eremu magnetikoak (goi-tentsioko lineak, etxetresna elektrikoak -hozkailuak, ile- lehorgailuak, besteak beste-) gizakiengan minbizia eragin dezaketenen artean sartu ditu (2B multzoa). Horrek esan nahi du gaur egun ez dagoela frogatuta behe- maiztasuneko eremu elektromagnetikoekiko esposizioak minbizia eragin dezakeenik.
    Gure ingurunean, eremu elektriko trinkoenak goi-tentsioko linea elektrikoen azpiko tokietan sortzen dira. Sare-maiztasuneko eremu magnetiko trinkoenak, aldiz, normalean motorren eta beste tresna elektriko batzuen inguruan izaten dira; baita osasun-diagnostikorako irudiak sortzen dituzten ekipo espezializatuetan ere.
  • Telefonia mugikorreko antenek eremu elektromagnetikoak igortzen al dituzte?

    Bai. Telefonia mugikorrak irrati-maiztasunen energia erabiltzen du informazioa garraiatzeko, telebistak eta irrati-maiztasunak egin bezalaxe. Telebistan eta irrati- maiztasunean erabilitakoen antzeko antenak daude.
    Mugikorra antenatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta estaldura hobea, eta are txikiagoa izango da telefonoak zein antenak konexioa lortzeko igorri beharreko potentzia.
  • Antena batetik gertu bizitzeak osasunean eragin al dezake?

    Ez dago zientifikoki frogatuta antenek, legeriak ezarritako emisio-mugen barruan, osasunean ondorio kaltegarriak eragiten dituztenik.
    Horretaz gain, antenek igorritako uhinak lurzoruaren ia paraleloan hedatzen dira; ez dute beherantz igortzen, eta, ondorioz, antena dagoen eraikin berean bizitzeak ez dakar esposizio gehigarririk.
  • Antena batetik gertu bizitzeak osasunean eragin al dezake?

    1066/2001 Errege Dekretuak (irailaren 28ko 1999/519/EE Europako Gomendioan oinarrituta) emisio irrati-elektrikoen aurkako osasun-babeserako neurriak ezartzen ditu. Industria Ministerioak, antena bat jar dezaten baimendu baino lehen, sustatzaileari azterketa egiteko eskatzen dio, antena ipini aurretiko mailak kontuan hartuta. Halaber, funtzionatzen hasi aurretik, Industria Ministerioak berau ikuskatzen du, proiektuan adierazitakoa betetzen den egiaztatzeko asmoz. Bestalde, operadoreek, urtero, neurriak aurkeztu behar dituzte araudia oraindik betetzen duten egiaztatzeko.
    Antenen emisioei buruzko datu guztiak Ministerioaren webgunean argitaratzen dituzte. Oro har, mugak betetzeko oso marjina handia dago, eta neurtutako mailak, batez beste, baimendutako maximoa baino 1.200 bat aldiz txikiagoak izaten dira.
    Ministerioaren webgunea
    Udalaren baimena ezinbestekoa da funtzionatzen hasteko.
  • Zer kontrol dituzte telefono mugikorrek?

    Mugikorren egileek frogatu behar dute Europako Zuzentarauaren eskakizunak betetzen dituztela; baita beren produktuen SAR maila jakinarazi ere. SAR tasak gorputzak xurga dezakeen energia adierazten du. Telefono orok du bere SAR maila.
    Gehieneko SAR maila 2 W/Kg-koa da, eta berau egiaztatu behar da telefono mugikorren egile guztiek nahitaez bete beharreko nazioarteko protokoloen bidez. Gailu bakoitzaren SAR maila webgune honetan ikus daiteke: www.mmfai.org
  • Nola eragiten dio mugikorra erabiltzeak osasunari?

    Orain arte egindako azterketetan ez da zientifikoki frogatu telefono mugikorra erabiltzeak osasunean ondorio kaltegarriak izan ditzakeenik.
    Telefono mugikorren eraginpean egotearen ondorio nagusia ehunak berotzea da (ondorio biologikoa), baina gailu horiekiko esposizioa oso txikia denez, beroketa ezdeusa izaten da.
    Ondorio biologiko horiek, halere, SAR tasaren, telefonoa erabili den denboraren, eta hurbilen dagoen antenarekiko distantziaren araberakoak dira.
  • Telefono mugikorra erabiltzeak minbizia eragin al dezake?

    Gaur egungo ezaguerekin ez dago kausaltasun-harremanik frogatuta telefono mugikorren erabileraren eta minbizi motaren baten garapenaren artean. Nolanahi ere, IARCek (Minbiziaren Ikerketarako Nazioarteko Agentzia) irrati-maiztasunen (mugikorrak, Wi-Fia...) eremu elektromagnetikoak gizakiengan minbizia eragin dezaketenen artean sartu ditu (2B multzoa).
    Gaur egun, ikertzen jarraitzen dute, eta azterketa ugarik oso esposizio maila txikietan osasunean hain agerikoak ez diren ondorioak sor daitezkeen zehaztea bilatzen dute.
    Azterketa horiek, funtsean, garuneko minbizia ikertzen dute, gailu hori burutik oso gertu erabiltzen baita.
  • Wi-Fia duen toki batean luze egoteak osasuna kaltetu al dezake?

    Sarbide publikoko tokietan (ospitaleak eta ikastetxeak barne) haririk gabeko teknologien irrati-maiztasunekiko esposizioa nazioarteko arauek ezarritako mugak baino milaka aldiz txikiagoa izaten da. Tokiko sareak indarreko muga-balioetatik behera mantenduz gero, ez dago ondorioztatzerik osasunerako arriskutsuak direnik.
    Wi-Fiaren irrati-maiztasunekiko esposizioa telefono mugikorrena baino txikiagoa da, eta antzekoa izaten da sistemen sarbide-guneetako antenetara gerturatzen garenean. Sistema horiekiko esposizioa nabarmen murrizten da antenatik aldendu ahala.
  • Nola dakigu eremu elektromagnetikoetatik babestuta gauden?

    Irrati-maiztasunen araudia Europan adituek egindako ikerketa-lanetan oinarritzen da. Industriako ikuskapenek antenek araudia betetzen dutela bermatzen dute, eta fabrikazio-kontrolek helburu bera dute mugikorrei dagokienez.
  • Zer egin dezaket eremu elektromagnetikoekiko esposizioa murrizteko?

    Gomendioak ikusi
Azken eguneratzea: 2015/12/07