Legealdi hau "elkarrizketarako, akordioak egiteko eta kontsultarako" izango dela adierazi zuen Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak Donostiako Miramar Jauregian uda osteko lehen gobernu bileraren ondorengo prentsaurrekoan. Eta zentzu horretan, bideragarri ikusten du legealdi honetan bertan akordio politikoetara heldu eta kontsulta egitea.
Bakerako eta normalizazio politikorako prozesu bati ekiteko, "berehala" alderderdi guztiekin, Batasuna barne, topaketak egiten hasiko dela, iragarri zuen. Topaketak sekretuak ez izan arren, diskretoak izango direla ohartarazi zuen, ez duela esango noiz izango diren, eta bileraren ondoren, ez duela adierazpenik egingo. "Seriotasunez jokatzeko ordua da, arazoak ez bait dira komunikabideetan konpontzen" adierazi zuen.
Topaketa hauek etengabeak izango dira eta alderdien arteko konfiantza poliki poliki berreskuratzea eta elkarrizketarako mahaiaren emaitzak bermatu ahal izateko baldintzak jartzea izango dute helburu. "Ez dakit alderdien mahaia edo besteren bat izango den. Izan ere, tresna horren ekarpena emangorra izango dela ziurtatzea askoz garrantzitsuagoa da". Horregatik argi utzi nahi izan zuen "elkarrizketa erresolutiboa" indarkeriarik gabeko egoera batean bakarrik eman daitekeela."Denok bat gatoz horrekin. Batasunak ere Anoetan gauza bera esan zuen" azpimarratu zuen.
Hala ere, Lehendakariak Batasunari Nafarroan eta Euskal Elkarte Autonomoan, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren aurrean jarrera ezberdina izatea leporatu zion. "Ertzaintzarekin istiluak izan nahi dituzte. Argazki horren atzean dabiltza". Uda honetan, Batasunak deitutako manifestazioekin argi geratu da, Ibarretxeren hitzetan, nahi izan ezkero, Batasunak istiluak kontrola ditzakeela. Hala ere, alderdien arteko elkarrizketen ondorioz, "liskarraren kulturatik elkar ulertzearen kulturara" pasatzea posible izango dela uste du Lehendakariak.
Lehendakariaren ustetan bilera horien abiapuntua izan beharko luke gatazka politiko baten aurrean gaudela onartzea, konponbidea aurkitzeko ezinbestekoa dela elkarrizketa eta normalizazio politikorako akordioak lortu ondoren, derrigorrezkoa dela kontsultaren bidez euskal gizarteari bere nahia zein den galdetzea. "Ez dago konponbide politikorik hemen bizi eta lan egiten dugunon borondate demokratikoa errespetatzen ez bada" ohartarazi zuen.
Akordioa bost hastapenetan oinarritu behar dela dio Ibarretxek: indarkeria eza, bazterketarik eza, proiektuak berdintasunean defendatzeko eta gauzatu ahal izateko eskubidea, euskal gizartearen borondatea denok errespetatuko dutela bermatzen duen printzipio demokratikoa eta naziotasun sentimendurik ez inposatzea.
Prozesu horretan bere papera "eragile aktiboa" izatea dela berretsi zuen. "Buru belarri arituko naiz gatazka konpontzeko. Jakin badakit jendeak ez dituela alderdien arteko liskar gehiagorik nahi". "Aukera handia izango dugu eta ezin diogu ukorik egin". Zentzu horretan inoiz baino adoretsu eta indartsuago dagoela ziurtatu zuen.