Ekonomia eta Ogasun Saila

Azken eguneratzea: 2014/11/24

Elena Unzueta: "Kontsumobideren eta Eusko Jaurlaritzaren nahia da Eroskik MFE-en trukea ahalik eta bizkorren eskaintzea horren esperoan daudenei"

Kontsumobideren zuzendariak Legebiltzarrean adierazi duenez, Kontsumobide Eroskiren zorraren birfinantzaketa noiz itxi zain dago, Eroskik trukean eskainitakoa onartzeko prozedurari buruzko informazio zehatza helarazteko kaltetutako pertsonei, hala nahi badute.

 

Kontsumobideko zuzendari Elena Unzueta gaur goizean Legebiltzarrean adierazi duenez, Kontsumobidek kontsumitzaileen aldeko konpromisoa hartua du, zehazki, Eroskiren MFEek kaltetutako pertsonen aldekoa. Hori dela eta, "Eroskiren birfinantzaketa prozesua amaitzearen zain gaude, horren mende dagoelako trukea, prozesua amaitu eta berehala eskainiko zaiena kaltetutako pertsonei"."Kontsumobideren eta Eusko Jaurlaritzaren nahia da Eroskik MFEen trukea ahalik eta bizkorren eskaintzea horren esperoan daudenei", berretsi du.

Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordean eginiko agerraldian, Elena Unzuetak jakinarazi du Eroskiren zorra birfinantzatzeko prozesua oraindik ere ez dela amaitu eta Kontsumobide, Jaurlaritzak kontsumitzaileen zerbitzura jarritako bitartekoa den aldetik, gertutik ari dela jarraitzen prozesua, amaitu bezain laster abiarazi ahal izateko Eroskik eta finantza-erakundeek iragan urtarrilean, Kontsumobidek bitartekari-lanak eginiko hilabetetako prozesuaren ondoren, adostutako truke-izapidea.

Une horretan, Eroskiren MFEen titularrei trukea egiteko beharrezko informazioa eskainiko dio Kontsumobidek, hala nahi dutenei behintzat, adierazi du Kontsumobideko arduradunak. Kontsumitzaileei arreta ematea da gure egitekoa, eta informazio zehatza emango diegu egin beharreko izapideei buruz trukea egitea erabakitzen duten pertsona guztiei. Gogora ekarri behar da Eroskiren MFEen titularrek baliatu ditzaketen hiru bideetako bat dela trukearena, azpimarratu du.

"Bitartekaritza-prozesua amaitu zenetik gaur arte egin dugu lan eta aurrerantzean ere berdin segituko dugu, hori delako gure egitekoa. Kontsumobidek arreta eman die, horretarako, eskura zeuzkan baliabide guztiak erabilita, informazioa eta laguntza eskatu duten guztiei. Gainera, jasotako erreklamazioak izapidetu eta aztertu ditu, eta akordio batzuk ere lortu dira, ahal izan denean. Trukea egin nahi duten pertsonei, jakina, laguntza osoa eskainiko diegu".

Kontsumobideren zuzendariak berri eman duenez, hiru bide dituzte aukeran Eroskiren MFEen titularrek, guztiak ere borondatezkoak: tituluari eustea, auzibidera jotzea eta/edo trukea egitea, egingarria denean.

Elena Unzuetaren esanetan, Kontsumobiderentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat guztiak dira egokiak. Kontsumobideren egitekoa da "Euskadiko kontsumitzaileak babestea. Hori dela eta, Kontsumobidek eta Jaurlaritzak laguntza osoa eskainiko diete beti kontsumitzaileei, eta hainbat irtenbide eskainiko dizkiete, aztertu ditzaten eta askatasun osoz hautatu dezaten beren profilera eta baldintza pertsonaletara gehien eta ondoen egokitzen dena".

 

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroak 24