Ekonomia eta Ogasun Saila

Azken eguneratzea: 2013/04/09

Kontsumobideri esku hartzeko eskatzen dion Legebiltzarraren agindua betez...

Kontsumobidek inprimaki normalizatu bat prestatu du kontsumitzaileek EROSKI eta FAGOR enpresen mendeko finantza ekarpenei buruz aurkeztutako erreklamazioei erantzuteko

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua finantza-produktu horiek merkaturatu eta jaulki dituzten enpresa eta erakundeekin harremanetan dago, baita kaltetutako pertsonen elkarteekin ere.

Eusko Legebiltzarrak, otsailaren 28ko osoko bilkuran, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari eskatu zion ofizioz esku hartzeko eta bitartekari-lanak egiteko arriskuko finantza-aktiboak eta/edo antzeko finantza-produktuak eskuratu dituzten eta merkaturatu edo jaulki dituzten erakunde eta enpresen artean, kaltetuek inbertsioa itzultzeko egindako erreklamazioei irtenbideak bilatzeko.

Kontsumobidek, Legebiltzarraren agindua betez, EROSKI eta FAGOR enpresen mendeko finantza-ekarpenei dagokienez, harremanak izan ditu enpresa horiekin eta finantza-produktu horiek merkaturatu dituzten erakundeekin, batetik, eta kaltetutako pertsonen ordezkariekin, bestetik, irtenbideak topatzeko. Hala, aldeen proposamenak aintzat hartuta, eskabide normalizatua prestatu du izan daitezkeen erreklamazio guztiei erantzuteko eta horiek bideratzen laguntzeko.

Inprimakia Kontsumobideren lurralde-zerbitzu guztietan dago eskuragarri, Euskadiko hiru hiriburuetan, eta Institutuaren webgunean ere deskargatu ahal izango da (www.kontsumobide.net). Orobat, eskabidea KIUBetan (Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak) eta Kontsumitzaileen Elkarteetan egongo da eskura.

Gatazka hasi zenetik, Kontsumobidek berarekin harremanetan jarri diren kaltetu guztiei informazioa eta aholkularitza eskaini dizkie, eta horrela egiten jarraituko du. Hain zuzen, Institutua gaur eta bihar jarriko da harremanetan pertsona horiekin guztiekin, jakinarazteko erreklamazioa bideratzeko inprimaki bat dagoela eta nola eskura dezaketen.

Kontsumitzaileek informazio gehiago eskuratuko dute Institutuaren webgunean edo, bestela, Kontsumobiderekin ohiko bideak erabiliz jar daitezke harremanetan (zuzenean lurralde-zerbitzuetan edo telefono bidez).

Harremanetarako datuak:

 

Erreklamazioa egiteko inprimakia, menpeko finantza-ekarpenak direla-eta (pdf, 128 KB)

 

Lotura: