Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Koronabirusak sortutako kalteberatasun ekonomikoan dauden pertsonak parke publiko babestuen alokairua ordaintzetik salbuestea

Argitalpen-data: 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aldi baterako salbuetsiko ditu alokairua eta erkidego-gastuak ordaintzetik koronabirusak sortutako kalteberatasun ekonomikoa jasaten ari diren Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu babestuko parke publikoetako maizterrak.

Alokairuko parke publikoak barnean hartzen ditu Eusko Jaurlaritzaren beraren titulartasuneko etxebizitzak, Alokabide sozietate publikoaren etxebizitzak, Bizigune eta Gaztelagun programen esparruan alokatutakoak, eta indarreko edozein babes-formularen pean alokairuan lagata dituzten beste eragile publiko eta pribatu batzuen titulartasuneko etxebizitzak.

Nor hartzen du eraginpean?

Osasun-emergentziak eragindako krisialdiaren ondorioz langabezian geratzen diren pertsona guztiak edo, langile autonomoak edo enpresaburuak izanik, diru-sarreren galera edo salmenten beherakada nabarmena —% 40 edo handiagoa— jasaten dutenak.

Ondorio horietarako, alokairu-errentaren, erkidego-gastuen eta oinarrizko horniduren baturak familia-unitateko kide guztiek jasotzen dituzten diru-sarrera garbien % 30etik gorakoa izan beharko du. 

Jardunaldia 

Neurria apirileko eta maiatzeko alokairuei aplikatuko zaie eta, alarma-egoera luzatuz gero, ekainera hedatuko da. 

Noiz jarriko da abian? 

Datorren asteartean, maiatzaren 31n, Gobernu Kontseiluan onartuko den Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren aginduaren bidez jarriko da abian neurria. Hortik aurrera egin ahal izango dira tramiteak. 

Nola tramitatzen da? 

Alokairuaren ordainketaren salbuespena maizterrak eskatu beharko du. Horretarako, eskabidea aurkeztuko dio Alokabideri edo alokairuan lagatako etxebizitza daukan eragile publiko edo pribatuari, kalteberatasun-egoera (langabezia, jarduera utzi behar izana eta abar) egiaztatzen duten dokumentuekin batera. 

Prestazioak kudeatzen dituen erakundeak emandako ziurtagiriak egiaztatuko du langabezia-egoera. Bertan agertuko da langabeziaren ondoriozko prestazioen edo sorospenen kontzeptupean jasotako hileko zenbatekoa. Langile autonomoek jarduera utzi behar izanaren kasuan, ezinbestekoa izango da foru-ogasun eskudunak edo, hala badagokio, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak emandako ziurtagiria aurkeztea. 

Maizterraren erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztuko da (horrekin ziurtatuko du behar besteko baliabiderik ez duen pertsonatzat hartzeko eskatutako baldintzak betetzen dituela). 

Bizi ditugun salbuespenezko inguruabarrak kontuan harturik, tramite guztiak online egingo dira, kanal telematiko eta telefonikoen bitartez.